Kultura da bidea!

Erabiltzailearen aurpegia Josu Ozaita

Garaiak aldatzen ari dira, etengabe mugimenduan daude. Tolosaldeko herri txikiak ere, ez lehen zirenak. Garai batean, bizia zuten, ia denek bertan lan egin eta bizi ziren, ingurunearekin elkarlanean. Industrializazioarekin ordea, herri txikiak hustu egin ziren, eta eskualdeko herri handienak hazi. Herri txikiak gutxietsi egin ziren, ia hiltzeraino.

Hala ere, hainbat pronostikoren aurka, inguruko herriak ez dira hustu, inor gabe gelditu. Agian ondo komunikatuak daudelako izan da, hainbat herritarrek garbi zutelako euren tokia hura zela, edota, egokitzen jakin dutelako errealitate berrira.

Azken urteotan populazio aldetik nahiko egonkor badaude ere, beraien bizitza zalantzan izaten dute herri askok. "Lo egiteko toki" izatearen mamua presente izaten dute, jendea bertara bizitzera joan bai, baina herrian bizitza ez egitearen kezka. Asteburuetako mezen aitzakian biltzearena amaituta, herri txikiak bizi eta aktibo izateko, kultura ezinbestekoa da.

Kultura da bidea, herritarren harremanak bultzatzen direlako. Kultura da bidea, bizipoza sortzen duelako, eta bertako herritarrei bizi kalitatea eman. Kultura da bidea, herri bizia izateko, lo-toki baino, herri izaera indartuta. Kultura da bidea, herri txikiak gutxiestetik harrotasuna laguntzen dutelako. Kultura da bidea, elikagai delako, ikasi, hausnartu eta gozatzeko eremu. Kultura da bidea, Euskal Herria eta euskara indartzeko. Kultura da bidea... beste hamaika arrazoiengatik ere.

Honenbestez, udaleko kontuetan, ez jarri kultura gastuen atalean, baizik eta inbertsioetan.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA