Gaua da protagonista, eta Gau Beltzarekin, neguaren sarrerarako prestatzen gara.
Danbolinaren karraka, gaztainak, basoko goxokiak bueltaka. Eskuak berotu eta zikinduko zaizkigu, eta berriketan aritu lagunartean. Eta gero, gure beldurrak, ezinegonak, loa kentzen diguten kontuak… paperean idatzi eta erreko ditugu, gure buruetatik desagertzeko, patxada hartzeko. Beldurrak erre! Betiko erre, hauts bilakatzeko eta haizeak eramateko!
Kanpaiak mezulari izango dira, benetako iluntasunaren abisua pasako digutenak. Eta gaua etorriko da, benetako gau beltza, urteko gaurik beltzena! Mugimendua hasiko da orduan, gure bihurri txikiak herrian ibiliko dira, bide iskinetan baratzeko kalabazak aurpegi formarekin jarriko dituzte, helduei sustoak emateko. Dir-dir bizirik dauden aurpegiak. Arimak gerturatuko dira orduan;
Eta puska biltzea hasiko da, Euskal Herriko neguko jaietan garrantzia izan duen ohitura, eta guk orain, berreskuratu duguna. Etxez-etxe puska biltzea, etxe bakoitzak soberan duena eman eta denok konpartitzeko. Herri guztia batzen da orduan, ez daude talde txikiak, denak batera ospatzen dugulako. Eta hildakoak ere, gure memoriako txokoetatik etorriko zaizkigu, haiekin afalduko dugu, haiek oroituko ditugu, haietaz hitz egin.
Beldurrak gorputzean ibiliko dira gero, ezinegona eta irrika batera. Gau beltzari beldurra genion, gauean ibiltzeari ikara, baina denok batera aurre egingo diogu. Gauean aske ibili nahi dugulako, beldurrei aurre eginez.
Heriotzari beldurra diogu noski: “baina herio! ez etorri gure bila, ez dugu presarik, eta segi ezazu denbora luzean holaxe, gu agurtu gabe;. Heriotza ere bizitzaren parte baita, ez diezaiogun bizkar eman, bestela jarraika izango dugulako, atzetik. Gau Beltzean hildakoak oroitzen ditugu, haietaz gogoratzen gara, haiek istorioak kontatzen ditugu, horrela, guk ere, bizitza ospatzen dugulako. Jarraitu horrela, egunero bizitzaz gozatzen!