Tolosaldeko desterratuak

Erabiltzailearen aurpegia Josu Ozaita 2023ko mar. 22a, 10:20

Tolosaldeko zenbat gaztek lan egingo luke lehen sektorean gustura, eta kontrara, bulego, tailer edo fabrikara joaten da ogibidea lortzera?

Pasio dute artzantza, animaliak zaintzea, baratzea aldatzen ikustea eta hura saltzea, edota, sagarrak bildu eta sagardoa egitea. Bizitza bete egiten die horrek, bizipoza eman, baina bestelako lanak uzten dien denbora apurrekin ezinean ibili behar izaten dute.

Tolosaldean antropologia lanetan ibili naizenean, behin baino gehiagotan topatu naiz halako kasuekin: baserri inguruko bizimodu eta praktikan jakintza handia duten gazteak, izugarri gozatzen dutenak lan horietan, baina ezinak aurrera egiten uzten ez dietenez, kaleko beste lanetara kondenatu behar dutenak. Aurreko belaunaldiak utzitako ondareak ere ez du asko lagundu, fama txarra baserriko lanaren inguruko diskurtsoetan, hainbat kasutan: “gauza bikaina da hilabetero soldata ziurra izatea, egonkortasuna eta segurantzia”, eta hala, industrializazioarekin herri txikiak hustu ziren eta kaleko etxeak bete. Hura zen “etorkizuna”. Gainera, bestelako ikuspegiak zeuden: garai hartan produkzioak agintzen zuen, asko sortu, prezio baxuetan. Eta baserriak, borroka hori galdua zuen. Aurreko belaunaldiak ere, ahal zuena egin zuen, noski, eta ez dugu kaka zabalduko.

Mende berriarekin, ordea, proiektu berriak loratzen dira tarteka eskualdean. Bestelako ikuspegi batekin, baserri berrinterpretatu eta ekimen eta produktu berritzaileak gauzatu dituzte: esnekietan, haragia zuzenean salduz, erlearen kulturaren inguruan… eta gazte horiekin egotean, energia nabari da, zoriontasuna ari diren horretan. Beraiekin berriketan, ilusio eta pasioz hitz egiten dizute, irribarre batekin. Egia da, etengabeko borrokan aritzearen sentsazioa izaten dutela, presak eta kargak, ezin iritsi eta iritsi beharra.

Hala ere, batzuk pausoa ematen badute ere, zenbat geratzen dira bidean, lanean gustura aritzen diren lur horietatik desterratuak? Baserriaren inguruko lanetan afizio ikaragarria duten pertsonak ezagutu ditut, baina dirua irabazteko tailerrera edo bulegora joan behar dutenak, eta hori, gauzak ondo egiten ari ez garen seinale da. Euskal Herria goratzen dugu, gure halako miseriekin ez ikusiarena eginda. Eta zoritxar horretan, erdigunean dago gure eskualdea. Tolosaldea landa eremua da, jakintza handia duena lehen sektoreko lanetan… eta hau guztia gabe, gure paisaia ederra galduko da, herri txikiak kalearen jarraipen soilik bilakatuko dira, eta garrantzitsuena, halako jakiez gozatzeko aukera galduko dugu. Eta burujabetza galduko genuke, lehenaz gainera, gure elikaduran.

Helburuak ez du izan behar gazteak lehen sektoreko erruleta horretara bultzatzea, baizik eta gazteek apustu hori egitea, gauzak ondo eginda, bizitza duina izateko aukera eta baldintzak dituztelako. Pauso hori ematea ez izatea “erokeria”, baizik eta ongi ikusia dagoen hautua, eta trenak edo gaztak egiten dituztenen artean, edota, ordenagailuekin kontuak edota Tolosako azokan beren produktuak salduz dabiltzanak paretsuko bizi baldintzak izatea. Bai, eta hori gertatzeko, gure erosketen kontraesanetan ere azkura egin beharko dugu.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean