Gosaria: Eguneko lehen otordua

Erabiltzailearen aurpegia Josu Martinez 2023ko aza. 3a, 11:59

Berriro ere 28 Kanaleko leihotxo honetatik zuekin elikaduraren inguruko zenbait hausnarketa egiteko asmoz, uda bukatu eta betiko martxara itzuli garen udazkeneko sasoi honetan.

Eta bigarren artikulu honetan, zeri buruz hitz egingo dugun? Bada, egunean egin ohi dugun lehenengo otorduaz, GOSARIAz alegia.

Asko hitz egin eta idazten da gosariari buruz: “gosaria eguneko otordurik garrantzitsuena da” edo “eguna gosari on batekin hasi behar dugu” edota “errege baten moduan gosaldu, printzipe baten moduan bazkaldu eta txiro baten gisa afaldu”.

Orduan… gosaria eguneko otordurik garrantzitsuena da, benetan? Ba EZ. Nutrizio ikuspuntu batetik, ezin da hori baieztatu. Egia da, noski, goizean zehar egin behar dugun jarduera fisiko edota mentalaren arabera, gosariak garrantzia handia hartuko duela jarduera horri ganoraz aurre egiteko garaian. Eta egia da, kulturak ere zerikusia baduela gai honetan, eta kultura batzuetan apenas gosaltzen den bitartean, besteetan, aldiz, sekulako gosariak egiten direla (adibidez, British breakfast, babarrunak, arrautzak, saltxitxak… eta abarrekin).

Funtsean beraz, garrantzitsuena ez da gosaltzea edo ez gosaltzea, baizik eta zer gosaldu behar dugun. Zeren eta, benetan gosaria hain garrantzitsua baldin bada, kalitatezko gosaririk egiten al dugu normalean? Gure gosaria osasuntsua eta konpletoa izaten al da? Ba kasu gehienetan nik ezetz esango nuke, gure gosaria ez dela izaten batere osasuntsua. Gehiago esango nuke, eguneko otordurik txarrena dela ziur nago. Zergatik pentsatzen dudan horrela?

Hasteko hausnarketa txiki bat. Dilistak osasuntsuak direla denok ados gaude. Baina egunero, asteko zazpi egunetan, dilistak jango bagenitu esango genuke hori ez dela ona, beste gauza batzuk ere jan behar direla, denetik jan behar delako. Eta gosaria hain garrantzitsua izanik, zergatik gosaltzen dugu kasu askotan gauza berbera? Denok normaltzat hartzen dugu egunero gosari berbera egitea.

Eta beste hausnarketa. Zein da propaganda eta publizitate gehiago eragiten duen otordua? Gosaria, zalantzarik gabe. Komunikabideetan, etengabe ikusi eta entzuten ditugu gailetak, opilak eta zerealei buruzko iragarkiak. Aukera osasuntsuak eguneko otordu garrantzitsuenerako? Ez, noski. Agian, aipatutako hiru aukera horien artean osasuntsuena zerealak direla esango genuke, ez? Gosariko zerealak. Bitxia. Ezagutzen duzue jakiren bat, bereziki, bazkaltzeko edo afaltzeko denik? Bazkariko dilistak edo afariko arrautzak. Bada, begira: gosariko zerealak. Zer lortzen dute horrelako mezuekin elikadura enpresa erraldoi horiek? Bada, bere produktua gure eguneroko gosariko bihurtzea. Negozio borobila!! Noski, osasuntsuak balira eguneroko zereal horiek… gaitzerdi!! Baina, osasuntsuak al dira? Kasu gehienetan EZ. Zereal hauek, normalean, haziaren almidoia besterik ez dute, galorratz edo germen eta zohia edo salbadoa kenduta, zerealaren zatirik interesgarrienak, alegia. Eta askotan azukrea gehituta.

Nolakoak dira gosariak gure inguruan? Zoritxarrez, ez oso osasuntsuak. Gozoa, opilak, gailetak, kakao azukrearekin, gosariko zerealak…

Eta nolakoak izan beharko lukete? Hasteko, nik esango nuke unean gogoko dugun hori jan beharko genukeela, eta ez genukeela beti gosari berbera egin beharko. Eta zein osagai izan beharko lituzke gosari osasuntsu batek? Hau da nire hautua:

  • Fruta freskoa, bitamina C asko duena: kiwia, laranja, limoia, mangoa…

  • Ogi integrala, karbohidrato konplexuak eta fibra dituena.

  • Oliba olio birjina edo ahuakatea, gantz saturatu gabekoekin.

  • Jogurt naturala, azukrerik gabe.

  • Fruitu lehor naturalak: intxaurrak, almendrak, urrak…

  • Eta gosariko zerealak aukeratuz gero, azukrerik gabekoak eta integralak izan daitezela.

Tira, 28 Kanaleko jarraitzailea. Badakizu, ondo hasi eguna eta ON EGIN!! Hurrengora arte.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean