Denok ezagutzen ditugu hain ospetsua den “Dieta mediterraneoa”k dituen dohain eta bertuteak. Hamaika liburu eta milaka artikulu idatzi dira honen inguruan. Azken bolada honetan, “Dieta kantauriarra” aipatzen hasi da nutrizioari buruzko zenbait gune eta hedabidetan, eta, dagoeneko, beraren alde lan egiteko asmoz, elkarteak sortu egin dira Asturias, Galizia eta Kantabrian.
Bada nik, iritzi leiho honetatik, aipaturiko dieta horiek baino osasuntsuagoa den beste dieta bat badagoela azpimarratu nahi dut. Artikulu honetan, Euskal dieta edo Euskal Herriko elikadura goraipatu nahi dut.
Eta zertan oinarritzen naiz baieztapen hau egiteko garaian? Bada, nire argudioa garatzeko, “Dieta Mediterraneoa”k dituen dohainetan:
-
Oliba olioa: Nafarroako hegoaldean, kalitate bikaina duen oliba olio birgin extra ekoizten da, zenbait kasutan bertakoa dugun “Arroniz” barietatearekin.
-
Barazkiak eta Frutak: freskoak eta bertakoak, gure ortu eta baratzetan landutakoak. Eta hauek erosteko garaian aholku bat: Hipermerkatu gutxiago eta Merkatu gehiago. Eros ditzagun barazkiak Zerkausian eta gure herriko denda txikietan.
-
Fruitu lehorrak: osasun ezaugarri izugarriak dituztenak. Gure baserri eta mendietan dauden intxaurrondo eta gaztainondo zuhaitzen opariak.
-
Lekaleak: eta podiumaren goiko solairuan Tolosako gure babarruna.
-
Arrainak: gure arrantzaleek Kantauri itsasoan modu jasangarria eta artisauan harrapaturiko hegaluze, antxoa eta gainontzeko arrain goxoak.
-
Haragiak: Euskal Herriko baserri eta larreetan bazkatutako abereen haragia.
-
Esnekiak: abeltzaintza hedakorrean eta gure mendietan libre hazitako behi eta ardien esne produktuak, Idiazabalgo gazta, alegia.
-
Irakindako edariak edo hartzituak: modu moderatuan kontsumitua, noski, gure txakolina, Arabako Errioxako ardoa edo euskal sagardoa.
Eta noski, guzti hau goxo-goxo egon dadin lehenengo lerroko Sukaldaritza.
Bo, irakurle maitea: dagoeneko, gosetu egin naiz eta mokadu bat jatera noa. Hurrengo artikuluetan jarraituko dugu elikadurari buruz mintzatzen. Bitartean, ongi izan eta ON EGIN!!