Gure datuak sarean, pribatutasuna noraino zaindu behar dugu?

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki San Vicente 2023ko abe. 22a, 12:09

Argi dago mundu digitalean gero eta denbora gehiago pasatzen dugula, eta tarte horretan gure datuak partekatzen ditugula. Datu horiek datu pertsonalak izan daitezke, pribatuak ala ez, edota gure jarduera digital horri dagozkionak. Honek bere arriskuak ditu noski, baina bizitza errealean bezala, arrisku horiek asumitzen ditugu gure jarduera digitalarekin aurrera egiteko. Belaunaldi kontua ere badago tartean. Helduenek errezeloz egiten dute orokorrean (beren burua eremu ezezagunean ikusten dutelako), gazteenek aldiz inolako arazorik gabe partekatzen dituzte haien datuak, arinegi akaso.

Datu pertsonalekin dugu kezkarik handiena noski. Batez ere kalte pertsonala zein ekonomikoa eragin dezaketelako. Gure datuak eskuratzeko modurik zabalduena phishing-a da, baina ez dugu ahaztu behar horrelakoetan guk geuk ematen ditugula gure datuak, itxuraz benetakoa dirudien eskaera bati erantzunez. Horren adibide dira Whatsapp kontua bahitua izandako kasuak, eta baita banku edo banaketa zerbitzuen itxura hartuz gure banku/kreditu txartelen datuak edo pasahitzak eskuratzeko kasuak. Batzuk antzematen errazak badira ere, gero eta iruzur landuagoak aurki ditzakegu. Interneten erosketa kopurua nabarmen igotzen den garai honetan, argi ibili beharra dago. Harremanetarako sareetan (Tinder adibidez) arreta berezia jarri behar dugu, azken helburua harreman fisikoa izan ohi delako, eta beraz uneren batean gure datu pertsonalak partekatu behar ditugulako ezinbestean.

Baina zuzeneko kalterik eragiten ez diguten kasu asko ere baditugu, eta horiek gainera errazago onartzen ditugu, normalean guk ere onura bat lortzen dugulako. Plataforma ezberdinek erabiltzaileen ekarpenei esker funtzionatzen dute. Noski, arrakasta lortutako erabiltzaile/ekarpenen araberakoa dute. Gure ekarpena tanta bat izan daiteke itsasoan, baina ezinbestekoa itsasoa osatzeko. Gaur egun gainera bakoitzaren beharren/nahien araberako sareak ditugu. Lanerako (Linkedin estilokoak), kirolerako (Wikiloc, Strava, Trailforks, ...), harremanetarako (Tinder), Bidaiatzeko (Booking, Tripadvisor) edo aisialdirako orokorrean (Facebook, Instagram). Nik, esaterako, Wikiloc zerbitzua erabiltzen dut maiztasun handiz. Horrek nire datu geografikoak publiko egitea dakar. Edozeinek jakin dezake non egon naizen (erabiltzaile izen batekin lotuta dago bakarrik, printzipioz). Nik baldintza hori onartu egiten dut, eta beste erabiltzaileen datuak (ibilbideak kasu honetan) baliatzeko aukeraren truke.

Gune handiek erabiltzaile profilak sortzen dituzte eduki pertsonalizatuak eskainiz. Denok ikusi dugu bilaketaren bat egin ostean gai horrekin lotutako produktuen eskaintzak jasotzen ditugula, edo nabigatzailearen lehen orrialdean "gure intereseko" albisteak agertzen zaizkigula, hots, gure jarduera algoritmo horiek bideratuta dago. Honek ez du berez txarra izan beharrik, baina kontziente izan behar dugu eduki haien intereseko eduki batzuk beste batzuen gainetik jartzen dituztela.

Nork bere burua mundu digitaletik ahalik eta gehien urruntzea aukeratzen dute batzuek, baina ez dut uste hori bideragarria denik. Gizarteak ezin bestean horra garamatza. Bankuek, edota administrazioak berak ere hainbat tramite internet bidez egitera behartzen gaituzte gero eta gehiago. Kontua da zentzuz eta modu arduratsuan jokatzea, partekatzen ditugun datuek zein erabilera izan dezaketen kontutan hartzea, eta erabakia modu kontzientean hartzea, hots bizitza errealean egingo genukeena egitea. Gai honek ertz asko ditu edonola ere, adibidez, gure datuekin zer nolako erabilera egiten den sakonago aztertzeko modukoa da, edo haur eta nerabeek zer heziketa jasotzen duten honen inguruan, baina horiek aurreragorako utziko ditugu.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean