Streaming plataformek eduki audiobisualak kontsumitzeko modua aldatu dute, eta euskararen presentzia horietan bermatzea helburu ezinbestekoa litzateke hizkuntzaren osasunerako. Argi dago kopuru hori gaur egun hutsaren hurrengoa dela. Halaber, Espainiako gobernuak 2021ean hizkuntza ofizialen kuota minimoak ezartzeko onartutako legeak ez die plataforma nagusiei eragiten, nazioartekoak direlako, eta ez Espainiarrak. Netflix eta Amazonek eduki gutxi batzuk eskaintzen dituzte euskaraz, baina horiek aurkitzea ere ez da lan erreza.
Zentzu horretan, Pantailak Euskaraz ekimena goraipatzeko modukoa da. Herri ekimena, erabat bolondresa. Edukiak euskaraz zein plataformetan ikus daitezkeen zerrendatzen dituzte, beste ekintzen artean. Baina, adierazleez ari garenez, honek ez du plataforma horiek beren edukien zein ehuneko eskaintzen duten euskaraz neurtzen.
Neurketa horiek egitea ez da lan makala. Plataforma gehienek espreski debekatzen duten tresna automatikoen bidez haien katalogotik informazioa erauztea. Ondorioz, eskuzko lagin txiki bat aztertzera mugatu beharko genuke (edo datu horiek biltzeko baimenak dituzten enpresen bidez lortu, eta horrek duen kostua ez dago edonoren eskura).
Harrigarria izan daiteke, aspalditik euskal telebista publikoak itzulitako hainbat eduki behintzat ez egotea eskuragarri (http://www.euskal-encodings.eus/-en katalogoa “zer non ikusi”-rekin konparatzea besterik ez dago). Horren arrazoia da, EITBk ‘primeran’ izeneko streaming plataforma propioa garatzen ari dela, euskal produkzioa biltzeko asmoa duela. Are gehiago, EITB euskarazko edukiak plataforma berri horretan argitaratzeko lehentasunak ezarri ditu, eta horren ondorio zuzena gaur gaurkoz zera da, euskarara dagoeneko itzulita/azpidatzita dauden eduki hainbat eduki ez daudela beste plataformetan eskuragarri, ‘primeran’ plataforma berria heldu arte ez behintzat (egiari zor, Nahieranen ikusgai daude batzuk).
Euskal plataforma bat edukitzea aurrerapauso bat da dela deritzot, baina argi izan behar dugu horrek ez dituela erabiltzaileak beste plataformetatik aldenduko, eta horietan ere euskarazko edukiak egotea bermatu behar litzatekeela.
Katalanak beste bide bat hartu du. Streaming plataforma bat garatzearekin batera, TV3k itzulitako eta azpititulatutako edukiak plataforma nagusien esku jartzeko ekimena abiatu du Generalitateak, baliabideak jarriz eduki horiek identifikatu eta plataformei bidaltzeko haiek argitaratu ditzaten.
Denborak esango du bi bideetako zein den egokiena, baina, lehenak gehiago dirudi plataformen negozio estrategiaren baitan hartutako erabakia, hizkuntzaren zabalkundeari erreparatuta baino.