Alde batetik, Zizurkilgo Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) aldatzeko konpromisoa hartu zuen, Perot inguruko industriagunean jarduera bakarraren ordez hiru jarduera txikiago garatzeko aukera ahalbidetzeko. Lurjabeek, berriz, hainbat lursail Udalari doan lagatzeko konpromisoa hartu zuten.
Udalak 2024ko abuztuan bete zuen hartutako konpromisoa, Perot hirigintza-eremuari zegokion plangintza-aldaketa behin betiko onartu zenean. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak eman zion behin betiko onarpena, eta erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.
Ondoren, 2024 eta 2026 artean egindako landa-lursailen digitalizazio-lanei esker, lagapenaren barruan zeuden lursailak zehaztu eta geoerreferentziatu dira. Behin lan tekniko horiek amaituta, irailean formalizatu da lursailen lagapena.
Udalaren jabetzara igaro diren lursailak 03 poligonoko 184., 209. eta 210. lursailak dira (ikusgai argazkian):
- 184. lursaila: 17.118 m²
- 209. lursaila: 14.146 m²
- 210. lursaila: 1.295 m²
Guztira, beraz, 32.559 metro koadro inguruko azalera eskuratu du Zizurkilgo Udalak.
Lursailak landa-eremuan kokatzen dira eta nekazaritza eta abeltzaintza erabileretara bideratuta daude.
“Urte askotako lana izan da. 2018an hasi genuen prozesua eta bidean hainbat urrats eman behar izan ditugu. Azkenean, ordea, hitzartutakoa formalizatu eta lursailak udal jabetzako bihurtzea lortu dugu”, azaldu du Maite Amenabar alkateak.
Amenabarrek lurjabeen lankidetza ere eskertu du: “Udalaren eta lurjabeen arteko elkarlanaren emaitza da gaur formalizatu dugun lagapena. Eskerrak eman nahi dizkiegu urte hauetan guztietan izan duten prestutasunagatik eta lankidetzagatik”.