Helburua bertako baserritarren lana eta herriko ekoizpena balorean jartzea da. Horretarako, besteak beste, bertako ekoizleen produktuen dastaketa egingo da azokan bertan, eta hori guztia aurrera eramateko, herritarren parte-hartzea beharrezkoa izango da. Gauzak horrela, boluntario-lana egiteko deia zabaldu nahi die Udalak herritarrei.
Aurten azokaren izaeraren muina indartzeko saiakera egin da; hau da, ekoizpena eta bertako kontsumoa sustatzeko saiakera. Baina horrek indarra eta zentzua herritarren parte-hartzearekin lortuko du, herritarrak herrian ekoitzitakoa ezagutzera, balioestera eta kontsumitzera gonbidatu nahi baitira.
Izarne Zelaia Arratibel kultura zinegotziak onartu duenez: “Zizurkilgo ekoizleak izango dira azokaren ardatz nagusia, baina boluntario-lanari eta herritik herriarentzat egindako lanari esker bakarrik lortuko da helburua gauzatzea”. Horregatik, Udalak urriaren 11ko azokan parte hartu nahi duen ororen eskura jarri nahi du izena emateko orria.
Hauek dira bete beharreko beharrak:
- Tiketen salmenta: 12:00etatik 13:30era, 2 pertsona eta 13:30etik 15:00etara 2 pertsona
- Janaria banatu postuetan: 12:45etik 15:00etara, 4 pertsona
- Sukaldea: ogia moztu eta hanburgesak muntatu, 12:30etik 15:00etara, 3 pertsona
- Errepideko bidegurutzeetan laguntzea, 9 pertsona
Egin klik hemen izena emateko.
Postuetarako izen-ematea
Azoka Berezirako postuetarako izen-ematea ere zabalik da irailaren 25era arte.
Azokaren ordutegia goizeko 10:30etik 14:30era izango da. Janari ekoizleek eta artisauek goizeko 09:30erako iritsi beharko dute Zizurkilgo herrigunera bakoitzaren postua prestatzeko. Garaiz etortzea eskertuko genuke, muntaia ondo antolatu ahal izateko.
Antolakuntzak hurrengo erraztasun hauek emango ditu:
- Postu estalia eta mahaia
- Mantela
- Postuaren izen eta ezaugarrien kartela
Postua erreserbatzeko eskaera egitea beharrezkoa izango da. Eskaera online edo presentzialki udal bulegoetan egin daiteke.