Ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak martxan daude Txermingo aparkalekuan

Erabiltzailearen aurpegia Villabonako Udala 2026ko abuztuaren 6a

Aparkalekuak 160 plaza ditu, eta horietatik lau ibilgailu elektrikoen kargarako erreserbatuta daude.

Udalak zerbitzu berri bat jarri da martxan Txermingo aparkaleku handian: Ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak. Lau aparkalekutan karga-puntuak instalatu ditu Udalak egunotan, eta puntu bakoitzak bi ibilgailu kargatzeko aukera ematen du; beraz, aldi berean lau ibilgailu kargatu ahal izango dira.

Karga-puntuen kudeaketa eta mantentzea Nafarkoop Energia S. Coop. enpresari esleitu zaio, dagokion prozesua garatuta. Zerbitzu hori emateko kontratuaren zenbatekoa 1.028,50 eurokoa da, eta horri gehituko zaio kargen bidez lortutako diru-sarreren %6a. 

Mugikorrerako aplikazio baten bidez aktibatu eta ordaindu ahal izango dira kargak. Lehen urtean, kargaren prezioa 0,25 euro/kWh-koa izango da (BEZa barne). Prezio hau inguruko hainbat gasolindegi pribatuetan dutena baino %45 inguru baxuagoa da, kargaren zati bat Udalak bere gain hartu eta finantzatzen duelako.

Zerbitzu berri honekin, Udalak mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua sendotu eta herritarrei ibilgailu elektrikoen erabilera errazteko azpiegitura berriak eskaini nahi dizkie. 

Ibilgailu elektrikoen erabilera sustatzeko neurri fiskalak
Gogoratu behar da ibilgailu elektrikoen erabilera sustatzeko asmoz azken urteetan Amasa-Villabonako Udalak hainbat neurri jarri dituela martxan Udal zerga eta tasei dagokionean: 

  • Hiri Ondasun Higiezinen gaineko Zerga: Ibilgailu elektrikoetarako karga puntuak instalatuta dituzten ondasun higiezinek (garajeek) %50eko hobaria dute.  
  • Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga: Ibilgailu elektrikoek %95eko hobaria dute 4 urtez.
  • Erainkuntza, instalazio eta obren gaineko zerga: Ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak instalatzeko beharrezkoak diren eraikuntza, instalazio edo obrek %90eko hobaria izango dute.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA