Palestinar herria pairatzen ari den egoera humanitario larria salatzeko mozio bana aurkeztu zuten EH Bildu eta EAJ-PNV alderdiek atzo arratsaldeko ohiko osoko bilkuran jorratzeko. Gaia eztabaidatzeko unea iritsi zenean, ordea, EAJ-PNVko bozeramaileak bere alderdiak aurkeztutako mozioko hiru puntu EH Bilduk aurkeztutako mozioari gehitzea proposatu zuen. Udalbatzak aho batez onartu zuen proposamen hori, eta ondorioz EH Bilduren Udal Gobernuak aurkeztutako mozioa izan zen onartu zena, EAJ-PNVk gehitutako hiru puntu erantsirekin. Gauzak horrela, EAJ-PNV alderdiaren udal-taldeak bere mozioa erretiratzea erabaki zuen.
Horrela dio EH Bildu alderdiak aurkeztutako mozioak:
ISRAEL EGITEN ARI DEN GENOZIDIOA SALATZEKO
ETA PALESTINAR HERRIARI ELKARTASUNA ADIERAZTEKO MOZIOA
ZIOEN ADIERAZPENA:
Joan den maiatzaren 15ean, NAKBAren 76. urteurrena bete zen eta urtemuga horrek gogorarazten digu palestinar herriak hamarkadak daramatzala Israelen apartheid erregimenaren mende. Egoera are larriagoa da 2023ko urriaren 8tik Israelek Gazako zerrendaren eta Palestinako lurralde osoaren aurka egiten duen eraso militarraren ondorioz.
Maiatzaren 24an Nazioarteko Justizia Gorteak ebatzi zuen Israelek Rafah-ren (Gazako hegoaldean) gaineko bere eraso militarra “berehala” geldiarazi behar zuela. Hegoafrikak Gorteari eskatu zion ebazpen hori larrialdi neurri gisa hartzea, Israelek Rafahen aurrera eramaten ari den jarduerak operazio genozida bat direla adieraziz eta palestinar herriaren biziraupena bera arriskuan jartzen dutela.
CIJek urtarrilaren amaieran eskatu zion Israeli Gazan laguntza humanitarioa sartzen uzteko, eta berretsi zuen agindu hori martxoaren amaieran. Horrez gain Israeli eskatu zion Gazako gerran "genozidio-egintzak saihesteko bere esku dauden neurri guztiak" har zitzala, eta txosten bat aurkez zezala, auzitegiak emandako aginduak aplikatzeko hartutako neurri guztiekin, hilabeteko epean. Gaur da eguna oraindik eskaera hori ez dela gauzatu.
Hori guztia egin da Hegoafrikako gobernuak 2023ko abenduaren 29an Nazioarteko Justizia Gortearen aurrean irekitako prozesuaren esparruan, Israel 1948ko Genozidio Delitua Prebenitzeko eta Zigortzeko Konbentzioa urratzen ari zela argudiatuta, 2023ko urriaren 7tik aurrera abiatutako operazio militarrarekin.
Operazio honen ondorioz, Israelek 36.000 pertsona baino gehiago hil eta 80.000 baino gehiago zauritu ditu, horietatik % 70 emakumeak eta haurrak. Gazako biztanle gehienak beren bizitokia nahitaez lekualdatzera behartuak izan dira. Hein handi batean Zerrendaren hegoaldera desplazatuak izan dira, Rafah-era. Lurralde horrek ez ditu lekualdatutako pertsonak artatzeko behar diren gutxieneko azpiegitura eta baliabideak.
Bitartean, laguntza humanitarioa dakarten ehunka kamioik, batez ere elikagaiak, Egipto eta Gaza arteko mugan blokeatuta jarraitzen dute, Israelen onespenaren zain. Egungo erantzun humanitario guztia, neurri handi batean, UNRWAren ahalmenaren araberakoa da. Baina Nazio Batuen Agentzia kolapsoaren ertzean dago eta UNRWAko 189 kideren heriotza baieztatu da.
Genozidioa salatzen duten protestak eta munduan zehar Palestinako herriari elkartasuna adierazten dioten adierazpenak ere aipagarriak dira. Euskal Herrian, herritarrek Israel Gazan egiten ari den genozidioa salatzeko eta berehalako su-etena eskatzeko mobilizazio asko gauzatu dituzte. Gernika-Palestina edo Yala Nafarroa plataformak erreferente bihurtu dira herri palestinarraren aldeko borrokan eta, beraz, Israel egiten ari den genozidioaren aurkako borrokan.
Bestalde, mundu osoan zabaltzen ari den ikasleen elkartasun-olatua Euskal Herrira ere iritsi da, eta dozenaka ikaslek Palestinarekiko elkartasun-ekimenak garatu dituzte, UPV/EHUn edo NUPen kanpaldiak, batzarrak eta mobilizazioak eginez.
Horregatik guztiagatik, Amasa-Villabonako Udalak:
1. Israel Gazan egiten ari den genozidioa irmoki salatzen du, eta elkartasuna eta babesa adierazten dio herri palestinarrari.
2. Israeli Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa betetzea eskatzen dio, baita NBEren ebazpenak eta Nazioarteko Justizia Gorteak emandako ebazpenak ere.
3. Israeli irmoki eskatzen dio korridore humanitarioak irekitzeko eta Gazan eta Zisjordanian erasoak berehala eta modu iraunkorrean eteteko.
4. Irlandak, Norvegiak eta Espainiako estatuak Palestina estatu gisa ofizialki aitortzeko ekimena babesten du, euskal gizarteak aspalditik eskubide hori aitortzen diola aintzat hartuta.
5. UNRWA Nazio Batuen Agentziari babesa ematen dio eta Palestinan egin behar duen ezinbesteko lana aitortzen du.
6. Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuei, Nafarroako Foru Erkidegoari, Estatuko Gobernuari eta nazioarteko gainerako eragileei eskatzen die Palestinarekin dauden lankidetza-proiektuekin jarraitzeko eta indartzeko, eta eremu horretan lan egiten duten erakundeei babesa emateko eskatzen die, hala nola UNRWAri eta beste erakunde eta ekimen sozial batzuei.
7. Europar Batasunari eta, oro har, Nazioarteko Erkidegoari ahaleginak areagotzeko, bahitu eta preso guztiak askatzera eta herri palestinarrarentzat bake justu eta iraunkorra lortzera bideratutako kudeaketa diplomatikoak bultzatzeko eskatzen dio.
8. Herri palestinarrak estatu burujabe eta bideragarria izateko duen eskubidea berresten du.
9. Bere babesa ematen die Gernika-Palestina eta Yala Nafarroa Palestina plataformei, eta Palestinan giza eskubideen eta bake justu eta iraunkorraren defentsan egiten ari den lan garrantzitsua babesten du, baita Israel herri palestinarraren aurka egiten ari den genozidioa salatzen ere.
EAJ-PNVk aurkeztutako moziotik gehitutako hiru puntuak:
1. Uste du Israelgo Estatua biztanleria zibilaren aurka egiten ari den eraso bereizi gabeak eta kolektiboak ez dituela inongo gertakarik justifikatzen, ezta Hamasek iragan urriaren 7an Palestinako biztanleria zibilaren aurka egindako eraso terrorista gordinak, onartezinak eta gaitzesgarriak direnak. Israelen erasoek milaka hildako, Gazako lurraldearen erabateko suntsipena eta biztanleria osoaren nahitaezko desplazamendua eragiten ari dira.
2. Su-eten osoa eta mugagabea, Gazako eremuan oinarrizko horniduren blokeoa etetea, herritarrak euren lurraldera itzultzea eta Zisjordaniako palestinarren aurkako erasoak amaitzea eskatu du, urriaren 7tik gogortu egin baitira.
3. 2023ko urriaren 7tik bere esku dituen bahitu guztiak berehala askatzeko eskatzen dio Hamasi.