Aranerreka eta Alustiza arteko udal jabetzako 14 hektareatan pinu landaketa moztu eta harizti naturala sortuko da

Erabiltzailearen aurpegia Villabonako Udala 2024ko ots. 22a, 15:10

Amasamendiko herri onurako mendien kudeaketa planaren garapenaren baitan, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Amasa-Villabonako Udalak elkarlanean beste esku-hartze garrantzitsu bat jarri dute martxan.

Kasu honetan Aranerreka eta Alustiza baserriaren arteko mendi-magalean aurkitzen den Insignis pinu (Pinus radiata) landaketa bat matarrasa sistemaren bidez moztu eta egurra aterako da. Mozketa egiteko garaian, dagoeneko bertan hazi diren haritzak (Quercus robur) errespetatuko dira eta mozketatik bi urtera, errefortzu gisa zuhaitz landaketa berri bat egitea aurreikusten da. Amasamendiko kudeaketa planak eremu horretan hektarea bakoitzeko 800-1000 haritz berri landatuko direla jasotzen du.

Modu horretan, beste urrats bat emango da gure mendietako landaketa artifizialen azalera murrizteko eta lurzoru horiek bertako espezieen baso iraunkor eta natural bilakatzeko prozesuan.

13,95 hektareako lur eremuan egingo dira basogintza lan hauek lan eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, dagokion esleipen prozedura jarraituz, Basalan Arrospide SL enpresa kontratatu du 78.650 euroko prezioa ordainduz.

Amasa-Villabonako Udalak bere poza agertu du lan hauek egingo direlako. Ander Goikoetxea ingurumen zinegotziak Amasamendiko herri onurako mendien kudeaketa planaren garapenean aurrera egiten jarraitzeko konpromiso sendoa dutela adierazi du: "Pixkanaka, bertako ekosistema naturalak kaltetu eta pobretu dituzten kanpoko espezieen landaketa artifizialak gure mendietatik desagerrarazi, eta bertako berezko espezieekin osatutako baso natural eta iraunkorrak berreskuratuko ditugu".

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean