Horrela, Amasa-Villabonako udalak besteak beste, etxez-etxeko laguntza zerbitzua, eguneko zentroa, Santiago adinekoen egoitza eta udalerriko etxebizitza pribatuetan zaintza lanak egiten dituztenak (ia beti emakumeak) zein egoera duten aztertuko du, ondoren identifikatutako beharrei erantzuteko, beti ere kalitatezko zaintza sistema duina sortzeko helburuarekin.
Honakoa da Amasa-Villabonako udalbatzak gehiengoz onartutako mozioaren eduki osoa:
Zaintzen krisi batean murgilduta gaudela dioten ahotsak aspalditik datoz, eta toki ezberdinetatik. Pandemiak agerian utzi du feminismoa aspaldi aldarrikatzen ari zena: bizitza zaurgarria eta dependientea da. Bizitzari baldintza duin eta justuetan eusteko apustua egiteko unea da: horrek begirada feminista eskatzen du erakundeetatik bultzatzen ditugun politika guztietan. Krisiaren azaleratzeak batzuengan eragiten duen paralisiaren aldean, mugimendu feministaren deiarekin bat egiten dugu. Diskurtso hutsaletatik, elkarlanerako eta sistema publikoaren defentsarako bideak ezarri eta eraikitzeko garaia da.
Herritar guztion bizitzek ez dutelako berdin balio gure herrian. Eta bizitza horien zaintza ez da modu berean egiten. Gogor salatzen ditugu zaintzarekin negozioa egin eta eskubidea merkantzia bilakatzen duten politikak eta enpresa kapitalistak. Zaintzaren merkantilizazio eta familiarizazioa da sustatzen den eredua, eta honek etxeko eta zaintza sektoreko langileen esplotazioa dakar. Sektorea desarautua batzuen kasuan, eta konbenio ezberdinetakoa besteen artean.
Egoitzetako zein etxez etxeko langileak, gehienak emakumeak, lan baldintza duinen aldeko borrokari heldu behar izan diote etengabe haien egoera hobetzen saiatzeko, ez baita etorri instituzioen partetik, pandemia ostean ere ez, berau erregulatzeko eta duintzeko inolako urratsik. Feminizatutako eta prekarizatutako sektore honek, zaintzen krisiaren erresoluzio sexistaren beste albo kaltea dira, askoren ahotan dagoen soldata arrakalaren eragile nagusietakoa. Gizarte-zerbitzuetan ez dago plaza publikoen garapen nahikorik, zaintza-premien aurreko arreta publikoa murriztu egin da. Honen aurrean, aukera duten familiek zerbitzu pribatuetara jo behar izan dute baina askok abusuzko klausulei eta egoitza pribatuetako hileroko ordainketaren garestitze bortitzari, 300€-tik gora kasu batzuetan, aurre egin behar diete. Horiek zerbitzu-txekearen ereduaren albo-ondorioak dira, legearen aurkakoa dena. 2800 familia omen daude egoera honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Behatuz-en datuen arabera.
Krisi egoera honi egoki erantzungo dioten erantzun integralak premiazkoak dira, esparru eta maila guztietan, eta ezinbestekoa da, eremu hau ere horretara aktibatu eta soluzio berriak mahai-gaineratzen hastea. Errealitate gordin horren aurrean, gure herriak, dinamika eraldatzaile eta partekatu bat abiatu behar du, erakundeetatik ahalegin eta konpromiso hori aitortuz, proposamenak eta aldarrikapenak jasoz, eta topaketa eta elkarrizketa guneak bultzatu eta indartuz.
Horregatik guztiagatik, Amasa-Villabonako Udalak honako hau erabaki du:
Udalak Amasa-Villabonan dugun zaintza sistemari buruzko analisia egingo du 2023. urtean. Analisi hori lehen urratsa izango da, ondoren gure errealitateari erantzungo dion kalitatezko zaintza sistema zabal, egoki eta justuago bat eraikitzeko estrategia publiko-komunitarioak diseinatzeko eta abian jartzeko. Udalak prozesu hau elkarlanean garatuko du, besteak beste, eragile sindikal, sozial, mugimendu feminista eta bestelako herri-mugimenduen parte hartzeaktiboarekin.
Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren eredua eta funtzionamendua egokitzea eta zabaltzea, identifikatutako beharrei erantzuteko eta lan-baldintzak duintzeko asmoz.
Eguneko zentroen eredua eta zerbitzuaren azterketa egitea eta honen arabera berau egokitzea/berrantolatzea eta/edo zabaltzea, identifikatutako beharrei erantzuteko eta lan-baldintzak duintzeko asmoz.
Gure udalerriko etxeko langileen egoera identifikatzea eta aztertzea (zerbitzu sozialen eta tokiko kolektiboen bidez), eta haien lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko programa integralak abian jartzea, besteak beste: kontzientziazio kanpainak, etxebizitzarako eta langileen erroldarako
eskubidea bermatzeko ekimenak, aholku zerbitzuak martxan jartzea, etab.
Zaintza-lanen balio sozial eta politikoa aitortzen duten komunikazio-kanpainak egitea, erantzunkidetasunari arreta berezia eskainiz eta etxeko langileenak bezalako errealitateakikusaraziz.
Egoitzetako zaintza eredua premiaz berrikustea, mugimendu feministaren, senitarteko- elkarteen, zaintzaileen eta abarren parte-hartzearekin, zaintza duinen premisari erantzunez, zaintza ematen eta jasotzen dituenarentzat.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak abiatu duen dinamikarekin bat egitea, hasteko eta behin, Martxoaren 8ko deialdiak babestuz eta herritarrei bertaratzeko deia eginez.