Zumarditxikia berreskuratzeko proiektuaren inguruan jasotako herritarren iritziak proiektua egin duten arkitekto eta ingeniariekin partekatu ditu gobernuak

Erabiltzailearen aurpegia Tolosako Udala 2023ko mar. 10a, 15:10

 

  • Udal gobernuak bilera egin du aste honetan Zumarditxikia berreskuratzeko proiektua idazteaz arduratu den ingeniari eta arkitekto taldearekin, proiektua aurkeztu ondoren, herritarrengandik jasotako ekarpen eta kezkak adituekin partekatze aldera.

  • Aditu taldeak tolosarren ekarpen eta proposamenak aztertuko ditu orain.

  • Olatz Peon, Tolosako alkatea: “Zumarditxikia berreskuratzeko proiektuak balio behar du tolosarrak erakarri eta herritarren artean ilusioa pizteko, herria kohesionatzeko eta ez zatikatzeko; irmo eusten diogu eremua herritarren eskura jartzeko eta espazioa berreskuratzeko konpromiso eta apustuari; guztien iritziak entzunda, elkarlanean eta adostasunetik, herriarentzat onena izango den proiektua mahai gainean jartzeko”

Abendu hasieran aurkeztu zen jendaurrean Zumarditxikia berreskuratu eta herritarren eskura jartzeko azken urte luzeetan zehar landutako proiektua. Herritar guztiek proiektua ezagutzeko aukera izan zezaten, informazio bilera antolatzeaz gain, hainbat informazio euskarri sortu eta jarri dira herritarren eskura, tolosar guztien iritziak jasotzeko helburuarekin.

Parte hartzeak garrantzia berezia izan du proiektu honen garapenean, bi prozesu aurrera eraman baitira proiektua tolosarrekin elkarlanean lantzeko. Lehen parte hartze prozesuan zehaztu zituzten tolosarrek eremua berreskuratzeko baldintza eta helburuak; irizpide horiek eta indarrean dauden hainbat legedi eta plan oinarri hartuta garatu da proiektua: mugikortasun plana, uholdegarritasuna, genero ikuspegia, irisgarritasun unibertsala, ibaira jaisteko aukera, besteak beste. Parte hartu nahi izan duen tolosar orok izan du aukera ekarpenak egiteko” azaldu du Tolosako alkateak, Olatz Peon Ormazabalek.

Prozesuak iraun duen denbora guzti horretan, herritarren iritziak jaso ditu udal gobernu honek, mingarria da prozesuaren amaieran sortzea hainbat kezka, egokiagoa zitekeelako kezka horiek abiapuntuan azaldu eta lantzea. Halere, tolosar guztien iritziak jaso eta entzun nahi izan ditugu, baita orain ere; guztien iritziak direlako garrantzitsuak, adituenak noski, eta adituak ez direnenak ere bai, horregatik bideratu ditugu gure indarrak azken denboran proiektua gizarteratzera” gaineratu du alkateak.

Alkateak azpimarratu du proiektua ez dela gobernu honek egin duen proiektua, baldintza batzuen baitan landutako proiektua baita talde profesional batek egindakoa, udaletxeko arkitektoekin batera, herritarrek ezarritako baldintzen pean.

Entzute ariketaren ostean, tolosarrek azaldutako kezkak eta egindako ekarpenak kontuan hartuta, Zumarditxikia berreskuratzeko proiektua egin duten arkitekto, ingeniari eta paisajista lan-taldearekin bildu da gobernua, jasotako proposamenak mahai gainean jarri eta horiek proiektua egin duten adituekin partekatzeko.

Bilera baliatu dugu herritarrek, proiektua ezagutu ondoren, egindako proposamenak aditu taldeari helarazteko, orain aditu taldeak, horiek aztertuko ditu” adierazi du alkateak.

Lanketarekin amaitu arte, urratsik ez Zumarditxikian

Jakina da udala aparkalekuen gaia lantzen ari dela momentu honetan, eta aparkaleku proposamena itxi bitartean aurrerapausorik ez dela emango Zumarditxikia berreskuratzeko proiektuari lotuta. Eta paraleloki, Zumarditxikia berreskuratzeko proiektua landu duen aditu taldeak tolosarren ekarpenak aztertuko ditu. “Beraz, gai bakoitzak bere bide-orria eta lanketa izango du, eta gobernu honek, orain artean bezala, gardentasun osoz jokatuko du herritarrekin, lanketa bakoitzaren berri emanez, une oro” berretsi du alkateak.

Adostasuna dago abiapuntuan, Zumardikitxikia berreskuratzeko egokitasunean. Zumarditxikia berreskuratzeko proiektuak balio behar du tolosarrak erakarri eta herritarren artean ilusioa pizteko, garrantzi berezia duen eremua batetaz hitz egiten ari garelako, beraz, proiektua baliatu behar dugu herria kohesionatzeko eta ez zatikatzeko; irmo eusten diogu eremua herritarren eskura jartzeko eta berreskuratzeko konpromiso eta apustuari; baita ere entzuketa ariketari, elkarlanean, tolosarren iritziak entzunda eta kontuan hartuta, proiekturik onena mahai gainean jarri eta aurrera eramateko; horixe da gure nahi eta borondate bakarra”.

 

 

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean