Zinefiloak

Erabiltzailearen aurpegia Leire Alberdi 2023ko urr. 6a, 10:24

Istorio txikienek ere beraien handitasuna dute, eta hauek kontatzea ezinbestekoa da

Nahiz eta udako hilabeteei agur esan, ez nengoen prest nire zetazko soinekoa armairu atzean gordetzeko, ez aldiz Zinemaldiko lehen flash-ek itsutzen ninduten arte. Izanez, aurrekoan kontatu nizuen bezala, soineko honen gidoia idaztea urte luzeko lana izan da.

Jakina da Donostia hiria, nahiz eta dotore atondu urteko edozein egunetan, galaz jazten dela Iraila amaieran. Aldiz, honelako ekitaldiek pentsakor uzten naute: istorio guztiek izaten al dute pareko erakusleihorik?

Kontakizun xumeen handitasunak liluratu izan nau beti, hare eta gehiago urteetan isilik egon diren horienak edota isilarazteko arriskuan daudenak. Nola ahaztu lehen aldiz “Maixabel“ ikustera joan nintzen iluntze hura. Bakarrik nintzen, eta hiru eserlekuren distantzian nire aitona izan litekeen gizon bat. Pelikula amaitzean negar zotinka geratu nintzen, bai, gizon harrek ezin izan baitzion bere emozioei eutsi. Film harrek, ziurrenik, giltzapean gordeak zituen bizipen eta memoriak azaleratu zizkion; isilpean ezkutatzera behartutako sentipenen istorioa.

Aurreko astean berriz, hainbat lagunekin joan nintzen zinera. “Maitagarria” zirudien momentu harrek, Isabel Coixet-ek tripak nahastu zizkigun arte bere “Un Amor” filmarekin. Gutxitan ematen dira horrelako sentierak, ehundaka pertsonez inguratuak egon arren bakarrik sentitzea, jendarteko irri lotsatien ondoren, deseroso sentiarazten zaituen isilunea: “mesedez, pasa dadila hau azkar”, “ni ere hor egon naiz momenturen batean”. Onartuko dizuet, nire eta beste hainbaten istorioa, isilarazteko arriskuan egon litekeela, berpiztu zuen zuzendari honek.

Horrexegatik ditut gustuko kontakizun hauek, elkarren desberdintasunetik berdintasunetik baino urrunago gaudela gogorarazten baitigute, zinea guztion bizitzaren pasarteen proiekzio dela eta horiek foko aurrean jartzea inperatibo legala izan beharko lukeela. Baina ondoren diot nik: zer dela eta hainbeste komeria film hauek egiteko?” 

Agian zinearen industria aletan banatzeak erantzunak eman ditzake, pelikula baten fotograma izango balitz bezala. Emakume zinegile eta ikus- entzunezkoen elkarteak argitaratutako azken datuen arabera, 2022. Urtean %37 eta %63an banatua zegoen Espainiar zinemaren industria genero aldetik. Baliteke emakumeen aldeko kuoten ezarpenak egoera hobetu izana zineman, hauen partaidetza handiagotuz, baina zuzendariari ezin zaio grabatzeko esan kamerarik ez badu, sukaldariari menua egiteko eskatuko ez geniokeen bezala labanik gabe.

Aurretiaz esan bezala, istorio txikienek ere beraien handitasuna dute eta hauek kontatzea ezinbestekoa da, baina baliabide guztiekin. Izanik, berdintasuna ez da soilik presentzia kontua, diru kontua ere bada eta aurretiaz aipatutako kuota horiek ekonomikoak izan beharko lukete.

Egia da Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak eskainitako diru laguntzetan, pastelaren zati bat emakumeei zuzendua dagoela espresuki, baina aizu, akaso ez zaie tarta zatitzeko aukera eman behar?

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean