Denboraren jostunak

Erabiltzailearen aurpegia Leire Alberdi 2023ko eka. 21a, 14:27

Azken xake partidatik zenbait aste pasa dira jada. Banekien ez zela nire kirola eta bere horretan geratu zen, izozkailuan ahaztuta dudan limoi zimelduaren antzera. Hala, orri zuriaren sindromearen lehen sintomak sufritzen hasia nintzelarik, beltzez estanpatutako esaldi honekin egin nuen topo: "betirako, gehiegi da"

Esakune hori bizkarrean zeraman nire lagunak, berak egindako kamisetan. Bai, zorioneko ni artistez inguratua bizitzea. Egia esanda, bat nator baieztapenarekin, “betirako” hitzak zer-nolako antsietatea sortu baitezake; hartutako erabakiarekin aurrera egin eta atzera begiratzeko betarik ez izatea pentsatzea.

Niretzat, jostunen ogibidea guzti honen erakusbide aparta da. Demagun kaleko erakusleihoan ikusi berri duzula zetazko soineko edo alkandora bat, zeinen ederra! Zure amak esango lukeenez, "betirako" den janzki horietako bat da. Badakizu zeta ehun zoragarria dela lehen begiratuan, ura izango balitz bezala irrist egiten baitu zure gorputzean. Aldiz, bere lanketa guztietan zailena da, mozketa bakoitzak hurrengo pausoak zehazten baitizkio jostunari, zer esanik ez emandako puntada bakoitzak.

Norberaren bizitzako proiektuak zetazko janzki horren islara izan daitezke: alokairuan bizi edota etxebizitza bat erostea, guraso izan ala ondorengorik ez ekartzea, betirako lana lortu edo proiektu pertsonalean apustu egitea, etab. Bakoitzak berea.

Nire kasuan, Londres zen hiriburu eta burubide. Nire lanbideari ate berriak irekitzeko asmoz hara nindoan bi maleta handirekin. Banekien bertan ez bazen atzerriko beste hiriburu batean bukatuko nuela ziur aski. Bai, “betirako” perspektiban zentratu nintzen. Kontrakoz, hilabete gutxian, pentsamendu hori "gehiegizkoa" zela irakatsi zidan mundu osoan zabaldu zen pandemiak. Berriz ere etxera eta hutsetik hastera.

Garbi esango dizut, hiru urteren ondoren ikasi dut bertako bizipena ez zela alferrikakoa izan, hilabete gutxian geratu zen "betirako" proiektua balizkoa zela. Beste nolabait esateko, nire proiektu profesionalean emandako puntada bat desegin behar izan nuela soilik, hurrengoak hobeto, lasaiago eta jakitun izanik josteko. Egia da, baliteke "betirako; aditzondoa denboraren neurri inperfektuena izatea, sosegua eman ordez guztiz kontrakoa sortzen baitu sarritan.

Kasu hauetan, emozio hori apalduko duten jostunen beharra ezinbestekoa dela iruditzen zait: familia, lagunak, bikotekidea eta, zergatik ez, profesionalak. Hauek lagundu zaitzakete janzkiaren patroia marrazten eta, behar izanez gero, haria ere horratzean sartzen. Horregatik, ezin ahaztu dezakezu hurkoaren sostengu izatearen garrantzia, besteek zurekiko dutena eta zuk besteekiko izan dezakezuna, nahiz eta askotan ez ohartu.

Ziurrenik “betirako” idazten jarraituko nuke honakoan, baina ikasia nahiz pentsaera hori ez dela bidelagun egokia izan askotan, nahiago baititut bidean emandako pausoak handietsi, denbora neurri finkorik gabe. Beraz, hurrena datorren bitartean, nire zetazko ehuna erostera noa.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean