Bart iluntzean, hainbat lagun bildu ginen Donostiako hondartzan ilunabarra ikusteko asmoz. A zer gustua berriz ere ohitura hauek berreskuratzea.
Aldiz, oporrak antolatzeko hizketaldien artean, espero ez genuen gaia atera zen udako galerna izango balitz bezala. Ezin sinetsi nezakeen gure artean arduragabe emozional baten beste biktima bat zegoenik.
Honela, “ghosting” hitza guztion ahotan. Alferrik zen buruan genituen mila galderei erantzun bat ematea, ez baitzeukaten. Bai aldiz deliberamendu garbi bat: zerk bultzatzen du pertsona bat beste batekin eraikitako harreman emozionalak erabat hautsi eta ihes egitea ezer esan gabe?
Beldurra izan daiteke arrazoi nagusienetako bat. Beldurra “agur” esateari, geure sentimenduei “izenak” jartzeari eta aurrean daukagunak zer esan edota nola erreakzionatuko duen aurre egiteari. Baina hipotesi hauek alde batera utziz, bestelako galdera bat egingo nuke nik: nola iritsi gara honaino?, nolatan adimen emozional falta hau?
Aspektu profesionalean guztiz ikasiak gaude, badakigu edozein akatsen aurrean erantzun beharko dugula, eta egoerarik okerrenetan lana galduaz. Aldiz, eremu pertsonalean “adio” batek eta loturak hausteak ez dakar erantzukizunik, zer axola sortutako kalteak.
Min guztiak sikatzen dira” dio Nerea Ibarzabalek bere “Bar Gloria” liburuan eta ez zaio arrazoirik falta, baina aizu, geure arduragabetasun emozionalak ez gaitzala mindu. Ez naiz ari sentimenduez soilik, baizik eta bestearen adimen emozionala gutxietsi izanaz. Hain zuzen ere, bitxia dirudien arrean, badaude beste hainbat emozionalki umezurtz geratu ez direnak. Hauek egin izan ohi dute psikoanalistaren lana, arduragabearen buruan sartu eta lehen diagnostikoa elaboratu.
Ezjakintasunak itota nolabait, hurrengo pausoak ematearen zalantzak jaiotzen dira: eta nik idazten badiot?, nola erreakzionatuko dugu kalean elkar ikusten bagara?, ez ahal da guztiz deserosoa izango?, idatzi beharko nieke ea lan elkarrizketan aurrera noan?, galdera guzti hauek egingo ahal ditu berak ere?
Ziurrenik bai ala ez, baina hobe egoerari aurre egin. Eta hor zoaz zu adore guztiz telefono deia egitera, WhatsApp mezua bidaltzera, eta kalean ikusiz gero, aurrez aurre begiratzera, amorruz, beldurrez, enpatiaz zein lotsez. Bai, sentimendu guzti horiek barruan dituzularik, zu ere xake partida honen bi alderdietan egon baitzara seguraski.
Eta horrexegatik erabakitzen duzu hitzei beharrezko balioa ematea eta gauzak behar diren bezala, beharrezko momentuan esatea. Mugikorraren atzetik barkamen bat jaso dezakezu, hitzez edo tonuan bertan. Kontrakoz ere, isilunerik gogorrena. Baina partidaren amaieran, zuk pauso guzti hauek eman ondoren, garbi geratu zaizu xakea ez dela zure kirola, ezin zarela bestearen akzioen zain egon, estrategiarik onena hitzena baita.