Partida gogor hasi zen. Acebedok txartel horia ikusi zuen 3. minutuan, sarrera arriskutsu batengatik, eta sei minutu geroago iritsi zen bizkaitarren lehen gola: Merinok 0-1ekoa egin zuen 9. minutuan, eta Codonyk 0-2koa sartu zuen 19.ean, atsedenaldira iritsi aurretik. Azken gol horrek kolpe handia eman zien Ibairen mutilei.
Lehen zatian, lehia gogorra eta kontaktu handikoa izan zen, bizkaitarrek hiru txartel hori eta gipuzkoarrek bi jaso baitzituzten.
Atsedenaldiaren ostean, Otxartabek neurketa erabakita utzi zuen. Merinok, Codonyk eta Martosek beste hiru gol sartu zituzten 23. eta 30. minutuen artean. Etxeko taldeak, ordea, ez zuen amore eman, eta azken txanpan harrotasunez erantzun zuen: Enaitzek aldea murriztu zuen 33. minutuan, eta Guaglianonek 2-5ekoa egin zuen 35.ean, partidari emozioa itzuliz.
Baina etxekoen erreakzioa 37. minutuan eten zen. Guaglianone kanporatu egin zuten zuzeneko txartel gorriarekin, atezain-jokalariarekin erasotzen ari zirela aurkaria heldu eta gol aukera argia eragozteagatik. Handik minutu batera, Codonyk egoera aprobetxatu zuen bere hirugarren gola sartzeko (2-6), eta markagailua behin betiko ixteko.
Denboraldiko lehen porrota Belabietan, eta bigarrena jarraian, sailkapeneko goiko postuetarako hautagai sendo biren aurka.
Orain, konfiantza berreskuratu eta Burgosera begira jartzea dagokigu, bolada iraultzeko asmoz. Izan ere, lehiaketak ez du etenik, eta ez du aitzakiarik, bolada txarrik edo ezustekorik onartzen. Denboraldian zehar, talde guztiek izaten dituzte halako uneak, eta horiei aurre egitea dagokigu orain.