Liderraren porrota, Belabieta bete-betean

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu KE 2026ko urtarrilaren 12a

Oporren osteko neurketa jokatu zen Belabietan liderraren, CMO Valves Lauburu Ibarraren, eta bigarren sailkatuaren, Pinseque A.D.ren, artean. Belabieta dotore jantzi zen berriro, eta zaleek ez zuten huts egin: berrogei minutuz taldea bultzatu zuten.

Neurketa Pinseque sendo batekin hasi zen, hasieratik presio altua ezarriz eta trantsizio bakoitza eraginkortasunez zigortuz. Aragoiarrek erritmoa markatu zuten eta etxekoen akatsak ondo aprobetxatu zituzten.

Mikel Diestro buru duen taldeak zehaztasun falta handia izan zuen lehen zatian. Atsedenaldirako bost minutu falta zirela, markagailuak 1-4koa erakusten zuen. Hala ere, bosteko jokoaren alde eginda, bi jokalditan aldeak murriztu zituzten, 3-4ra arte.

19. minutuan berdinketa iritsi zen, José Luisen ate propioan egindako gol baten ondoren, baina pozak gutxi iraun zuen: Marcosek berriro asmatu zuen trantsizioan, atsedenaldira 4-5ekoarekin iristeko.

Bigarren zatian jokoa neurri handi batean Pinsequeren zelaian jokatu zen. Bere partidarik onena egin ez arren, CMO Valves Lauburu Ibarrak lehian jarraitu zuen uneoro. Hala ere, beste behin ere, trantsizioek zigortu zituzten ibartarrak, aurkariaren eraginkortasun handia ordainduz.

Amaierako 7-9koak Pinsequeren nagusitasuna islatu zuen. Porrota gorabehera, CMO Valves Lauburu lider jarraitzen du, baina aragoiarrek aldea murriztu eta bi puntura jarri dira.

Orain, datorren igandeko Iruñeko hitzordua prestatzea dagokio taldeari, garaipenen bidera itzultzeko helburuarekin.

Nazioarteko deialdia

Azpimarratzekoa da Chuky Kolonbiako selekzioarekin deitua izan dela. Paraguaira bidaiatuko du urtarrilean jokatuko den Amerikako Kopan parte hartzeko. Klubak eta zaleek zorterik onena opa diote hitzordu garrantzitsu honetan.

Filialak porrota Gasteizen

Filialak, Lauburu Ibarra Mahalák, 4-3 galdu zuen Gasteizen Beti Arabaren aurka. Porrot honek sailkapeneko postu arriskutsuetan uzten du taldea.

Hurrengo jardunaldian Belabietan jasoko dute Eskoriatza K.E., bolada iraultu eta berriro hiru puntuak eskuratzeko asmoz.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA