CMO Valves Lauburu Ibarrak bikain itxi du urtea

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu KE 2025eko abenduaren 22a

CMO Valves Lauburu Ibarrak berriro erakustaldia eman du San Cristobalen

CMO Valves Lauburu Ibarrak lehen itzulia eta urtea ahalik eta modurik onenean itxi zituen, San Cristobal udal kiroldegian NATURPELLET C.D. San Cristobalen aurka maila goreneko partida jokatuta. Harmailak lepo bete ziren, ikusle adeitsu eta sutsu batekin; ziurrenik denboraldiko jenderik errespetuzkoena, amaieran ibartarrak txalo zaparrada ikusgarri batez agurtu zituena.

Hasierako txistuarekin batera, azken jardunaldietako joera berari heldu zion neurketak: joko bizia, erritmo itzela eta jokaldi bakoitza gol aukera garbian amaituta. Taktika landua, banakako kalitate handia eta pistaren kontrol ia bikaina. Valentino izan zen lehen kolpearen protagonista, 3., 7. eta 10. minututan hat-tricka sinatuta; Víctor ere jaialdira batu zen 8. minutuan. Markagailuan 0-4koa jarrita, etxekoek bosteko jokoaren alde egin behar izan zuten 10. minuturako, Mikel Diestrokoen oldar erasokorra geldiarazteko asmoz. Atsedenera 0-4 sendoarekin iritsi zen partida, beste lehen zati borobil bat.

Bigarren zatia segoviarrek bostekoarekin jarraituz hasi zuten, eta horrek lan handia eskatu zion Laubururen defentsari. Hala ere, taldeak ez zuen atzera egin, eta eraginkortasun bera erakutsi zuen bai atzean bai aurrean; Marcos erraldoi bati esker atea hutsean mantendu zuten, haren geldiketek harmailetan etengabeko miresmen murmurioa sortuz. Markagailua handitzen joan zen: Sergiok 27. minutuan, Morandok 34.ean eta Unaxek 37.ean sartu zituzten golak, play-offean sartzeko borrokan ari den aurkari baten aurrean 0-7 magikoa itxiz.

Garaipen honekin, CMO Valves Lauburu Ibarrak lehen itzuli bikain bati eta emaitza kolektibo ikusgarriz beteriko urteari amaiera borobila eman dio. Orain, merezitako oporrak iritsi dira, urtarrilean berriro indarberrituta itzultzeko, ilusio osoarekin eta igoeraren ametsa bizirik mantentzeko helburuarekin.

Bestalde, filialak ezin izan zuen urtea garaipenarekin agurtu eta 1-4 galdu zuen Belabietan Aguraingo Orlamendiren aurka. Taldeak jaitsiera saihesteko borrokan murgilduta amaitu du urtea. Txubel eta Garmen baikor agertu dira, urte berrirako jokalariak berreskuratu eta beharrezko puntuak batzeko asmoz, Lauburu Ibarra Mahala filialak mailari eutsi diezaion.

Gabon zoriontsuak eta Urte Berri On guztioi!

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA