Exijentzia eta jarraikortasuna play offea-aren hurrengo fasera sailkatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu KE 2023ko mai. 23a, 10:55

Larunbatean Nafarroara joan ginen SCDR Anaitasunaren aurka playoff-eko lehen faseari dagokion itzulerako partida jokatzeko. Ibarran elkarrekin bazkaldu ondoren, gure zaleekin elkartu, eta Iruñera abiatu ginen.

Kontzentrazio handiarekin, Dani, Oscar, Chuky, Uri eta Boli bostekoarekin hasi genuen norgehiagoka. Jokoa martxan jarri eta segituan etxekoek argi eta garbi erakutsi zuten dena emateko prest zelairatu zirela, eta ondorioz, oso gogorrak izan ziren hasierako minutuak. Horren aurrean, lan gogorra egin behar izan genuen guk ere, lehen gol bat hain azkar irits ez zedin.

Ondo eutsita, eta aldi berean asko sufrituta, markagailua ez mugitzea lortu genuen, bizi behar izan genituen aukerak gorabehera: txartel horia Daniri eta area ertzeko falta oso arriskutsua, trantsizio azkarrak, jaurtiketa indartsuak...

Etxekoen erritmoari gero eta hobeto eutsita, Bolik behar genuen bultzada eman zigun 8. minutuan aldaratze baten ondoren markagailua estreinatzen. Marea more osoa altxatu zuen ibartarrak (0-1). Golak min handia eman zion aurkariari, eta pistan islatu zen hori, argi eta garbi. Gainera, Anaitaren atezain titularrak, Belabietan jada baloiak kanpora ateratzeko trebetasuna erakutsi zuenak, ezin izan zuen jokatzen jarraitu.

Aurrerago, atsedenaldirako 2:40ra, berdinketarekin erantzun zuten berdeek 2x2ko egoera batean (1-1). 1-1ekoarekin, atezain jokalariaren aldeko apustua egin zuen Jotak, atsedenaldira aurretik joaten saiatzeko. Hala ere, aldaketarik gabe mantendu zen neurketa, eta amaitutzat eman genuen lehen zati zirraragarria.

Aldageletatik itzuli ondoren, Dani, Uri, Txiki, Chuky eta Oscarrekin hasi ginen, eta ia lehen jokaldian, Uriren lapurreta batek aldeko bigarren gola ekarri zuen, oraingoan Chukyren eskutik (1-2). Narvaizek zuzendutakoek bazekiten, sailkatuak izateko, lana zutela aurretik, eta beraz, eszenatokia zailtzen jarraitu zuten. Hala ere, Chukyren zerbitzura iritsitako Boliren kanpo jaurtiketa batek beste gol bat ekarri zuen amaierarako 15 minuturen faltan (1-3). Gure ametsera are gehiago hurbiltzen ari ginela, gerra ematen jarraitu zuen Anaitasunak; izan ere, Txikik bere bigarren txartel horia jaso zuen, eta kanporatua izan ostean, gure taldeak jokalari bat gutxiagorekin egin behar izan zien aurre hurrengo minutuei. Egoerari etekina aterata, nafarrek ez zuten barkatu, eta gola sartu zuten (2-3).

Emaitza estu hura ikusita, Jotak atezain jokalariaren aldeko apustua egin zuen berriro, eta Anaitak ondo erantzun zuen. Are gehiago, amaierarako 11 minuturen faltan, berdinketa lortu zuen berriro (3-3).

3-3koarekin, tentsio handiko uneak bizi izan genituen, gure bosgarren falta igo, eta penalti bikoitza ikusi baikenuen, Danik kanpora atera zuena, bizirik mantentzeko eta luzapenaren ideia urruntzeko. Horri guztiari gehitu behar zaio Ikerrek amaierarako 5 minuturen faltan asmatu zuela ate aurrean, ezker hegaletik egindako jaurtiketa batekin (3-4).

Gure momenturik onenean geunden, eta begi-bistakoa zen. Horrela, Narvaizek 5eko jokoa erabiltzea erabaki zuen, azken kartutxoak agortzeko. Iraunkortasunari eta errendimendu onari esker, bikain itxi ginen, eta baloi bakoitza borrokatzen jakin izan genuen.

Sufrimenduak merezi izan du, zalantzarik gabe: BIGARREN MAILARA IGOTZEKO PLAY OFF-EKO BIGARREN FASEAN GAUDE!!! Historia egiten ari gara!!!!!! GOOOOOAZEN!!!!!!

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean