Irurako TEK osatzeko prozesuak aurrera darrai eta, bide horretan, energia komunitatearen estatutuak edo barne-arauak azaltzeko eta adosteko saioa antolatu du Udalak datorren ostegunean, maiatzaren 4an, 18:30ean, Eskola Zaharreko ekitaldi-aretoan.
Dagoeneko TEKeko kide izan nahi duten hainbat pertsonek aurreinskripzioa egin dute www.tekgipuzkoa22.eus/irura/eu/ webgunearen bitartez. Energia-komunitateko kide izan nahi eta oraindik izena eman nahi dutenek oraindik aukera badutela jakinarazi du Udalak. Eta herritarrez gain, herriko denda txikiak ere TEKeko kide izan daitezke. Gipuzkoako Foru Aldundiak Tokiko Energia Komunitateak (TEK) sortzeko eskaintza egin zien lurraldeko hainbat udalerriei eta egun, 20 udalerri atxiki zaizkio proiektuari. Irurako Udalak egoki ikusi zuen Aldundiko proiektu honetan parte hartzea. Batetik Irurak energia-trantsizio iraunkorrean aurrerapausoak ematen jarraitzeko eta bestetik proiektuaren gauzatzearen kostuak Aldundiak bere gain hartzen dituelako.
Honela, Trinketeko teilatuan 84 plaka fotovoltaiko jarri ditu Aldundiak Irurako TEKri 38 kW emateko. 70-75 etxe eta komertzio txikik izango dute Irurako TEKan parte hartu eta Trinketeko instalaziotik energia berriztagarria kontsumitzeko aukera. Gainera, TEKko kide izanda, Aldunditik formazioa eta aholkularitza zerbitzua jasotzeko aukera izango dute partaideek.
Informazio osagarria edo zalantzak argitzeko www.tekgipuzkoa22.eus/irura/eu webgunera edo Irurako Udalera jo dezakete interesatuek (943 691 333). Irurako TEKko kide izateak ez du kosturik eta bertako energia berriztagarria kontsumitzeagatik ez da inolako instalaziorik egin behar.
Irurako Udalak herritar, merkatari edo interesa duen herriko bestelako eragileei proiektuaz informatzeko edo/eta bertan parte hartzeko gonbita luzatzen die. Izan ere, jatorri berriztagarriko energia kontsumituz, energia eta dirua aurrezteaz gain, Irurako Berotegi Efektuko Gasen isurketak murrizten eta klima-aldaketa gutxitzen lagunduko dute herritarrek.