Unai Zubeldia emaitza bikainak ari da lortzen denboraldiaren hasiera honetan. Txirrindulari ibartarrak aurreko astean Euskaldun Txapelketako proba irabazi zuen Berrituan, Bizkaian. Asteburu honetan, berriz ere helmugan bi eskuak altxatzea lortu du, kasu honetan Lizarran. Laboral Kutxa taldeko txirrindulari ibartarra bigarren denboraldia ari da osatzen Afizionatu mailan.
Igandean, Lizarran, 142 kilometroko ibilbidea osatu behar zuten txirrindulariek. Zubeldiak 14 lagunek osatu zuten ihesaldi nagusian sartzea lortu zuen. Azken kilometroetan, pelotoiak iheskideak harrapatu bazituen ere, azken mendatea jaisterakoan, adi ibili eta lortu zuen ibartarrak helmugara pelotoiarekiko metro batzuetako aldearekin iristea. Azken esprintean Ibai Azanzari aurre hartuta irabazi zuen lasterketa.