Gazteluko Ostatuan herri-kirol museoaren inaugurazioa egingo da, irailaren 15ean arratsaldeko 17:30ean

Maider Navarro Alustiza 2023ko ira. 6a, 10:20

Gazteluko Udalak jakinarazi duenez, ez dago beste horrelako museorik Euskal Herrian; San Telmon herri-kirolek tartetxo bat daukate, Iñaki Perurenaren Peru Harri ere badago; Gazteluko Ostatuko museoan, ordea, herri-kirolei buruzko erakusketa iraunkorra topatuko ahalko da.

Hiru gunetan banatu dute museoa: lehenengoan herri-kirolak zer diren azaltzen da, ondoren kirolarien gunea dator eta azkenik Gaztelu eta herri-kirolen arteko lotura azaltzen da. Tabernako paretetan hainbat argazki kokatu dituzte, bakoitzak QR kode bat du azpian, eta hori eskaneatuta, azalpenekin bideo bat ikusi ahal izango da. Kanpotik datorrenarentzat herri-kirolak zer diren ikusteko eta ikasteko eginak daude, baina dakitenentzako ere datu bereziak sartzen saiatu dira, agian ezjakinak direnak. Irudiak filmategian, No-Doan, eta Suediako dokumental batzuetan aurkitutakoak dira eta gidoia zein irudien aukeraketa Gorka Egia aholkulariak egin ditu.

Museoko atalik deigarriena herri-kirol ezberdinen erremintekin osatutako erakusketa dela ere jakinarazi digu udalak. Aimar Irigoienen harri bat, Karmele Gisasola 'Zelai III'.aren txalekoa, Iñaki Perurenak bertso bat idatzi du eta bideo bat grabatu du abestuz, bere seme Inaxiok galtza batzuk utzi ditu, Olasagastik eta Irati Astondoak aizkorak utzi dituzte, Erasunek eta Alatzne Etxaburuak kamisetak... Pieza bakoitzaren ondoan jabearen ibilbidea dago laburbilduta.

Hau guztia topatzeko aukera izango da datorren ostiralean inauguratuko duten herri-kirol museoan. 17:30ean hasiko den herri-kirol jaialdiarekin emango diote hasiera, bertan, beterano nahiz herriko gazteek erakustaldia eskainiko dute "lehena eta oraina uztartuz". Segaz gainera, balenka, aizkora, trontza, koxkola, ingudea, eta korrika saioa izango dira. Segidan luntxa izango da ostatuan. Xehetasunak atxikitako kartelean dituzue.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean