Amezketako produktu kuttunenak azoka berezia izango du

Maider Navarro Alustiza 2023ko ira. 15a, 08:30

Mondeju eta ardo azoka ospatuko da lehen aldiz Amezketan, modejugileak omentzeko asmotan

Mondejua eta Amezketak harreman berezia izan dute betidanik, Aralar azpian aurkitzen diren beste zenbait herrirekin elkarbanatzen duen lotura. Izan ere, mondejua ezin daiteke ulertu Aralar gabe. Bertako artzainak, uda amaitzean, Aralarretik ardiak jeisten dituzte eta behin beheran, ardi batzuk kentzen dituzte: zaharrenak, ortzik gabekoak, antzuak... hauen ardikia aprobetxatzeko sortu zen modenjua.

Beste zenbait pertsonai garrantzitsu ere baditu produktu berezi honek, baserrietako sukalde eta Amezketako emakumeak esaterako. Haiek sortu eta mantendu baitute mondejuak egitearen jakintza, belaunaldiz belaunaldiko transmisioa sortuz.

Baserrietako emakumeekin batera, ostalaritzaren papera erabat garrantzitsua izan da, hauek ahalbideratu baitute publiko zabalago batera mondejuak jateko aukera izatea. Irailaren amaieratik, abendu hasiera bitarte, makina bat jende joan izan baita Amezketara mondeju jana egitera: mondeju zopak, mondejuak, ardi gisatua eta Aralarreko ardi gazta.

Amezketako udalak, herritarrekin batera, modejua balioan jarri nahi izan du, bere ondare gastronomiko bezala bultzatu eta indartu nahian. Eta horretarako, irailaren 30ean, mondeju eta ardo azoka antolatu dute.

Mondejua eta Amezketa zaletasun bat baina gehiago

Festa honekin mondejuaren denboraldiari hasiera eman nahi diote. Baina azoka ez da horretarako izango soilik; festa honekin, mondejuaren inguruan lanketa bereziak bat egiten hasiko da udala, atzean dagoen kultura, artzaintza, baratzagintza, harremanak, ospakizuna, sukaldaritza, gozamena, transmisioa, Aralar... Mondejua eta Amezketa zaletasun bat baina gehiago lelotzat hartuta.

Festa honen barruan, egunean bertan parte hartuko duten mondejugileak omendu nahi dituzte, beraiek baitira aurreko belaunaldietako mondejugileen ordezkari "Beraiek dira gure produktu kuttunaren babesle onenak, beraiek dira mondejuaren enbaxadoreak eta gorazarre egin nahiko genieke Amezketaren izenean" adierazi du Mikel Arteaga Amezketako alkateak.

Mondejua eta Ardo azokako egitaraua

Irailaren 30, larunbata ospatuko da azoka Amezketako plazan goizeko 11tan hasita 15:00ak arte. Herriko 9 mondejugileren pintxo postuak egongo dira eta Euskal Herriko 7 upategietako 14 ardo. Postuez gain, mondejua egiteko tailerrak eta haurrentzako garai bateko jolasak aurkituko dira. 12:00etan herriko mondejugileei esker on ekitaldia egingo zaie, beraien lana balorean jarriz, eta enbaxadore izendatu. Azkenik 14:00etan Aralarko ardi gisatua eta Amezketako gazta platerkak eskainiko dira, herriko produktoreen eskutik.

Upategiak:

  • Hika (Amasa_Villabona)
  • RBLD Sagardoak (Zizurkil)
  • Aristu (Irunberri)
  • Etxondoa (Behe Nafarroa)
  • The mozo (Lanciego)
  • Gil Berzal (Guardia)
  • Ulibarria (Gordexola)

Mondejuen postuak:

  • Mari Jose Murua
  • Xatur Zabala
  • Uxue Artola
  • Roxi-Agurtzane
  • Olatz Balerdi
  • Txindoki: Izaskun Altuna        
  • Beartzana: Joxi Arsuaga
  • Amertza: Eva Altuna
  • Arkaitzpe: Jon Ruiz

Kopak 2€tara salduko dira eta txartelak 1€era. Ardo gehienek txartel bat balioko dute, eta besteek, 2 txartel. Mondeju pintxo txikiak izango dira, txartel baten truke.

Tolosaldea Garatzen

Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren Plana exekutatzen hasteko hitzarmena uztail bukaeran sinatu zuen Tolosaldea Garatzenek eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailak, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren baitan, Europar Batasuneko Next GeneretionEU funtsen finantziazioari lotuta.

Plan honen baitan, "Bertako produktuak turistari begira balioan jartzeko" lan ildoa txertatu dutela adierazi du Olatz Ilarregik, Tolosaldea Garatzeneko Turismo sailaren arduradunak. Zehazki, Amezketan mondejuaren inguruko lanketa bat egitea aurreikusi da eta hau izango da, Tolosaldea Garatzenen partetik, martxan jarriko duen lehen ekintza plan honetan. 

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean