Pasa den ekainaren 26an egin zen udalbatzaren osoko bilkuran Amasa-Villabonako udal gobernuak aurkeztutako Etxebizitza Plana gehiengo osoz onartu zen, EH Bilduren aldeko botoekin, PSEren abstentzioarekin eta EAJ-PNVren aurkako botoekin.
Etxebizitza Plan honek herriko egoeraren analisia, helburu nagusien identifikazioa, 11 ekintza zehatz jasotzen dituen Ekintza Plana eta epeak markatzen dituen kronograma bat barnebiltzen ditu.
Herriko egoeraren analisia
Etxebizitzaren egoerari dagokionez, besteak beste, Amasa-Villabonan dagoen etxebizitza eskari handia (292 pertsona daude Etxebide, Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuan izena emanda), etxebizitza eskaintza eskasa eta garestia, hutsik dauden 277 etxebizitzak, herriak dituen muga geografikoak, egungo araudi urbanistikoak sortzen dituen arazoak eta gazteen emantzipaziorako ezintasuna aztertzen dira.
Helburuak
Planak hiru helburu nagusi ditu eta horiekin batera beste hamarnaka azpi-helburu ezartzen ditu. Helburu nagusiak honakoak dira: etxebizitza eskaintza handitzea, batez ere babestutako etxebizitzena, alokairuen prezioak mugatzea eta Amasa-Villabonako etxebizitza-parkea gaur egungo bizikidetza unitateen tamainara egokitzea. Hauekin batera, besteak beste, hutsik dauden etxebizitza ahalik eta gehien merkaturatzea eta jendez betetzea, hainbat auzotako merkataritza lokaletan etxebizitza erabilera ezartzea, edota babestutako etxebizitzen eraikuntza eta promozio berriak ahalbidetzea aipatzen dira.
Ekintzak
Udalak datozen hilabeteetan garatuko du Ekintza Plana. Guztira 11 ekintza zehatz martxan jartzea aurreikusten da:
- Udalaren eta Alokabideren arteko Lankidetza Hitzarmena, hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko Bizigune eta ASAP programen bidez. Informazio kanpaina berezia garatuko da horretarako.
- Ogasun arloko neurriak.
- Kanona ezartzea hutsik dauden etxebizitzei.
- Etxebizitzak birgaitzeko Udal-Dirulaguntza lerro berria martxan jartzea, etxebizitza horiek merkatura atera daitezen.
- Villabona “Tentsio handiko etxebizitza eremu” izendatzeko eskaera egitea, alokairuen prezioak mugatu ahal izateko.
- Merkataritza lokalak etxebizitza bihurtzeko Udal-Ordenantza berria onartu eta martxan jartzea.
- Landa eremuetako lurzoru ez urbanizagarrietan dauden eraikinetan eta azalera handiko etxebizitzetan bereizketak (segregazioak) egin eta etxebizitza gehiago ateratzeko aukera zabaltzea.
- HAPOak ezartzen dituen lurzoru urbanizagarri berri guztiak indarrean sartzea, uholde arriskuaren ondorioz duten blokeoa gaindituz.
- Udalak egoera kaskarrean aurkitzen diren eraikinak eskuratzeko inbertsioak egitea, ondoren orube horietan babestutako etxebizitza berriak eraikitzeko.
- Babestutako etxebizitza berrien sustapenak garatzea Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailarekin eta Visesa alokairuko etxebizitza babestua sustatzeko sozietate publikoarekin elkarlanean.
- Udalaren etxegabetzeen aurkako protokoloaren aplikazioa.
Lehen bi ekintzak dagoeneko martxan daudela adierazi du udalak, beste batzuetan aurre-lanak egiten dihardutela eta azken batzuk oraindik jorratzeke daude.
Kronograma
Amaitzeko, Planak jarduera edo ekintza bakoitzeko epeak ezartzen ditu kronograma baten bidez. Garrantzitsutzat jo dute ekintza bakoitzaren epeak zehaztea, Udal gobernuak presioa izan dezan, bestela gauzak denboran gehiegi luzatzeko arriskua egoten baita.
Behin udalbatzak lehen onarpena emanda, datozen egunetan Etxebizitza Plana GAOan argitaratuko da eta horrekin batera espediente osoa jendaurrean jarriko da 20 egunez. Jendaurreko epea amaiturik, udalbatzak alegazioak ebatzi eta behin betiko onarpena emango lioke.