Legegintzaldiko lehen erabakiak hartu ditu Amasa-Villabonako Udalbatzak

Maialen Bastarrika Luengo 2023ko uzt. 7a, 16:03

Legegintzaldi berria dela-eta, Amasa-Villabonako Udalbatzak ez-ohiko osoko bilkura egin zuen atzo arratsaldeko 19:00etan udaletxean. Bertan, legegintzaldian zehar eragina izango duten erabaki garrantzitsuak hartu zituzten.

Osoko bilkurak hilabeteko azken asteazkenean egingo dira arratsaldeko 19:00etan. Jai eguna izango balitz, astebete aurreratuko litzateke, ordu bera mantenduz. Hala ere, bi salbuespen egingo dira: bata uztailean Santio Jaiak direla-eta, eta bestea abenduan, gabonak tartean daudelarik.

Bestetik, informazio batzordeak eratu dituzte. Hauek gaiak eztabaidatzeko eta adosteko guneak izango dira. Ez da erabakirik hartuko bertan, soilik informazioa mahaigaineratzeko eta helarazteko baitira. Guztira bost ohiko Batzorde Informatzaile eta bi ez-ohiko Batzorde berezi eratu dituzte:

Ohikoak: 
 - Hirigintza, zerbitzuak eta Ingurumena
- Gizarte Zerbitzuak, Aniztasuna, Adineko pertsonak eta Politika Feminista
- Pertsonala eta barne araubidea
- Euskara, Kultura, Hezkuntza, Gazteria eta Kirola
- Ogasuna, Garapen ekonomikoa, Enplegua eta Merkataritza

Ez-ohikoak:
- Herritarren Parte Hartze Batzorde Berezia
- Memoria eta Elkarbizitza Batzorde Berezia

Batzorde hauetan horrela banatuko dira ordezkariak: EH Bilduk 3 izango ditu (alkatea barne) eta EAJ-PNVk eta PSE-EEk bana.

Udal Kontratazio mahaiaren osaketari dagokionez, aurreko legegintzaldikoa mantenduko da.

Tokiko Gobernu Batzarra bost kide hauek osatuko dute hurrengo lau urteetan: Beatriz Unzue Esnaola (EH Bildu), Xabat Laborde Etxabe (EH Bildu), Ander Goikoetxea Arana (EH Bildu), Eneko Urdangarin Eizagirre (EAJ-PNV) eta Eduardo Gonzalez Vaz (PSE-EE). Honetaz gain, Xabat Laborde Etxabe (EH Bildu) eta Irune Alfonso Izagirre (EH Bildu) izendatu dituzte alkateordeak.

Ordezkari politikoen liberazioak, soldatak, talde politikoen finantziazioa eta asistentzia dietak EH Bilduren udal gobernuak bere bi ordezkari gorenak, alkatea eta lehen alkateordea izango ditu udalean jardun osoan lan egiteko liberatuta:

Beatriz Unzue Esnaola Alkateak erabateko dedikazioz beteko du bere kargua, eta jardun horri atxikitako soldata gordina, urtean 41.023,22 eurokoa izango da, 14 pagatan banatuta.

Xabat Laborde Etxabe Lehenengo Alkateordearen ordainsaria, urtean 34.540,66 euro gordinekoa izango da, 14 pagatan ordainduko dena.

Eneko Urdangarin Eizagirre zinegotziak jardunaldi partzialean beteko du bere kargua, zehazki %50ean. Kargu hori betetzeagatik, urtean 15.543,29 euroko ordainsaria jasoko du, 14 pagatan ordainduta.

Talde politikoei bideratzen zaien ekarpen ekonomikoari dagokionean, Villabonako Udalean ordezkaritza duen alderdi bakoitzari 226 euro ordainduko zaio hilero. Era berean, alderdi politiko bakoitzak beste 71 euro jasoko ditu hilean, Udalbatzan duen zinegotzi bakoitzeko. Puntu honetan ez da aldaketarik izan eta aurreko legealdiko kopuru berak mantendu dira.

Bestetik, liberatuta ez dauden zinegotziek ordainsari edo dieta bat jasoko dute Udalak dituen organo ofizialetan parte hartzeagatik: Informazio-Batzordeak 36 euro eta Udalbatzaren Osoko Bilkurak: 90 euro.

Aurreko legealdiarekin alderatuz, udal gobernuak Tokiko Gobernu Batzarretan parte hartzeagatik zeuden ordainsariak (54€) ezabatzea proposatu zuen. Batzar hauek udalbatzaren osoko bilkurak amaitu eta jarraian egiten dira eta normalean iraupen motza izaten dute. Horregatik hemendik aurrera Tokiko Gobernu Batzarretara bertaratzeak ez du ordainsaririk izango.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean