Ostiralean hasiko da Intxaur pilota txapelketa

Joanes Imaz Akizu 2024ko uzt. 18a, 09:35

Lau t´erdiko Intxaur txapelketaren final laurdenak hilaren 19, 20, 26 eta 27an jokatuko dira, finalaurrekoak abuztuaren 3 eta 10ean eta eta finalak herriko jaien baitan, abuztuaren 16an.

Ostiralean, uztailaren 19an, abiatuko da lau eta erdiko IV. Intxaur txapelketa Zizurkilen. Udalaren eta Pilotaren txokoaren lankidetzari esker antolatzen den ekitaldi honek Euskal Herriko eta Errioxako goi-mailako pilotariak bilduko ditu, eta punta-puntako jokoaz gozatzeko aukera izango da promesa zein elite mailatan. Partaideen artean bi herritar izango dira promesa mailan Ander Perurenak parte hartuko du eta Julen Alberdik elite kategorian. Iaz bi herritarrak finalera iritsi ondoren, aurten ere, txapelaren borrokan ibili nahiko dute.

Lehen partidak ostiralean

Final-laurdenekin ekingo diote lehiari uztailaren 19an eta bi asteburutan jokatuko dira partidak. Aurrera egiten duten pilotariek abuztuaren 3an eta 10ean jokatuko dituzte finalerdiak, eta abuztuaren 16an jokatuko dira bi mailatako final handiak.

Lehen asteburu honetan ostiralean, Lizeaga eta Perurenaren arteko lehia jokatuko da promesa mailan eta Anso eta Etxaniz arituko dira ondoren Elite kategorian. Larunbatean, Apaolaza eta Iribarriaren artekoa jokatuko da lehenengo eta Alberdik eta Aizpuruk neurtuko dituzte indarrak ondoren. Lehen faseko partida guztiak 19:00etan hasita herriko Intxaur frontoian jokatuko dira. Lehiak ikusteko sarrera doakoa izango da.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean