Urriaren 8an, igandearekin, ospatuko da aurtengo Zizurkilgo Azoka Berezia. Urtero bezala, produktuaren kalitatea bereziki zainduko duela azokak jakinarazi du Zizurkilgo Udalak, bertako eta inguruko ekoizleak erakarriz.
Euskadiko Hirugarren Mailako Aizkolarien txapelketa ospatuko da
Indartsu etorriko da aurtengo edizioa. Izan ere, kopuru borobilera iritsi da Zizurkilgo Azoka. 25. edizioa izango da aurtengoa. Goizez egongo dira zabalik postuak; 10:30etatik 14:30etara. Ohitura berreskuratuz, herri bazkaria egingo da aurten Plaza Etxeberrin eta, arratsaldean, Euskadiko Hirugarren Mailako Aizkolarien txapelketa ospatuko da Intxaur pilotalekuan. 19:00etan emango zaio hasiera kirol-lehiari.
Azken bi urtetan jarri izan dira postuak Zizurkilgo Zimiterioan. Pello Mari Otaño plazan ere izango dira postuak, baita taloak jateko aukera ere. Teodoro Hernandorena kalean barrena jaki postu ezberdinak jarriko dituzte. barazkiak, gazta, eztia, ogia… Zizurkilen bertan ekoitzitakoak izango dira batzuk, Euskal Herriko puntu ezberdinetatik etorritako ekoizleek eginak beste batzuk. Gertuko produktua eta kalitatezkoa erosteko aukera izango da bertan.
Elkartasunerako tarterik ere izango da azokan
Intxaur pilotalekuaren babesean egongo dira, urtero bezala, artisauen postuak: egur lanak, bitxiak, arropa… aurten ere aukera zabala izango da. San Millango belazean berriz, pottoka gainean ibiltzeko aukera izango dute gaztetxoek, 12:00etan hasita. Elkartasunerako tarterik ere izango da azokan. Batetik, El Salvadorren aldeko talo postua jarriko da plazan. Bestetik, Pedro Mari Otaño eta San Millan ikastetxeak El Salvadorreko Henry Ortiz eta El Barrialikastetxeekin senidetuta daude eta haien aldeko postuak jarriko dituzte.
TAILERRAK
Goizean zehar, tailer ezberdinak izango dira martxan:
- Kandela tailerra: goizean zehar eztizko kandelak egingo egingo dira, Amadenda postuan.
- Mural kolaboratiboa, Maria Altunaren eskutik: Azokaren 25. urteurrena dela eta, goiz guztian zehar mural kolaboratiboa egingo da. Ondoren, paretean jarriko da eta jendeari argazkiak ateratzeko aukera emango zaio. Parte hartzen duten lehenengo 100 pertsonei muralaren irudia duten postalak banatuko zaizkie.
ERAKUSTALDIAK
Goizean zehar ikusmira ederra izango da azoka-gunean. Besteak beste, bi erakustaldi izango dira gozagarri:
- BEIRA BADAGO (IGOR OBESO): Putz eginez sortutako kristalaren erakustaldia egingo du.
- SUALAI FORJA (IKER GABILONDO): Aretxabaletatik etorriko dira forja erakustaldia egitera.
10:15etan hasita, doako autobus zerbitzua martxan izango da goizean zehar, herrigunera iritsi ahal izateko. Bi geldialdi egingo ditu Elbarrenan:
- Bulandegi bideko errotondan
- Zubiaurretxon
Autobusa joan-etorrian ibiliko da goiz guztian zehar, 15:00ak arte. Zizurkilgo Udalak autobus zerbitzua erabiltzeko gonbita luzatu nahi izan die azokara gerturatu nahi duten guztiei.
Nolanahi ere, autoz gerturatu nahi dutenengan pentsatuta, bi aparkaleku nagusi prestatu dira. Elizaren atzealdeko parkinean, zenbait aparkaleku gordeko dira ezintasunen bat dutenentzat. Gainerantzean, Perot lantokian ere izango da autoak uzteko aukera.
HERRI-BAZKARIA
Azken bi urtetan ez da egin herri-bazkaria baina aurten berreskuratu nahi izan dute ohitura hori. Plaza Etxeberrin egingo da eta bi menu egongo dira aukeran: Helduen menua (20 euro), haurren menua (10 euro). Txartelak salgai daude dagoeneko Egarri, Iriarte eta Plaza Etxeberri tabernatan.