Irakurzaletasuna sustatzeko egindako lanagatik saritu dute Plazida Otaño liburutegia. Sari berezia izan da aurtengoa, estatu mailan hamar liburutegik soilik jaso dutena. Euskal Herri mailan, Zizurkilgo liburutegiak bakarrik jaso du Maria Moliner sariketako sari potoloa.
Urte osoan zehar egindako lana saritu diote Plazida Otaño liburutegiari. Aurreko urteetan ere jaso izan dute Maria Moliner saririk, “baina lehen saria jasotzen dugun lehen aldia da honakoa. Ez genuen inondik inora espero, eta poz handia eman digu”, azaldu dute Irene Urruzola eta Arantxa Zabala liburuzainek.
10.000 euroko dirusaria jasoko du Plazida Otaño liburutegiak. “Aurreko urtetako saria txikiagoa zen eta liburuak erostera bakarrik bidera ziteken. Aurtengo saria, 10.000 eurokoa, ekipamendurako ere erabil daiteke. Saria jasoko genuela jakinarazi ziguten momentuan bertan hasi ginen pentsatzen diru hori nola erabili gure liburutegian hobekuntzak egiteko”, azaldu dute.
557 hautagai
50.000 biztanle baino gutxiagoko herrietako liburutegiak aurkez daitezke sariketara. Aurten, 557 aurkeztu dira eta horien artean saritu dute Zizurkilgoa. “2022ko martxotik 2023ko martxora egindako ekitaldiak eta martxan izandako ekimenak txosten batean biltzea eskatu ziguten. Apirilean aurkeztu genuen gure txostena. Inklusioaren inguruan egindako ekitaldi bereziak azpimarratu genituen, baina baita urte osoan zehar lantzen ditugun ekimen ezberdinak ere. Irakurzaletasuna sustatzeko egiten den lana da saritzen dena eta aurtengoan sari potoloa eman digute. Hori ikaragarria izan da”, azpimarratu dute.
Ekintzak eta ekimenak
Generoa, inklusioa, naturarekin errespetua, adin aniztasuna..., lanketa zabala egin dute urte osoan zehar. Horretarako, ekintza puntualak erabili dituzte batzuetan, urte osoko ekimenak beste batzuetan. “Ipuin kontaketa solidarioa, LGTBI erakusketa, eskolako kideen bisitak, Fraisoroko kideen parte-hartzea, Teodoro Hernandorena ipuin lehiaketa, motxila ibiltaria, irakurketa erronka, sareetan eta hedabideetan ekimenek izandako zabalkundea... hori guztia hartzen dute kontuan sariak banatzeko garaian eta aurten, merezimendu berezia jaso du Plazida Otaño liburutegiak eta bertako arduradunek.