Martxan da Errigoraren udazkeneko kanpaina

Oinatz Martinez Iturrioz

Errigoraren aurtengo kanpainaren argazkia.

'Euskarari puzka' kanpainako saskien eskaerak azaroaren 12ra bitartean egin daitezke.

Errigorak 2026ko udazkeneko Euskarari puzka kanpaina aurkeztu du Nafarroako Ager eremuan euskara indartzeko asmoarekin. Aurten, "Auzolanean euskara sustraitik espaziora!" lelopean, ausardiaz amesten jarraitzeko deia egin dute antolatzaileek. Proiektuak helburu nagusi bezala, Nafarroa erdiko eta hegoaldeko euskalgintzari babesa ematea eta elkartasuna adieraztea ditu, eta proiektuak, eremu horretako haurren hezkuntzan, helduen euskalduntzean zein herrietako eguneroko bizitzan euskarak lekua irabazten jarrai dezan laguntzen du.

Kanpainaren barruan, hiru saski mota eskaini dituzte: saski beltza (60 euroko balioa duena), saski berdea (ekoizpen ekologikoa, 65 eurokoa) eta saski gorria (75 eurokoa). Saski bakoitzak Nafarroa hegoaldeko produktu desberdinak biltzen ditu: olioa, piperrak, zainzuriak, ardoa, gazta eta gozoak... besteak beste. Gehigarri gisa, landa daitezkeen orriekin osatutako egutegi berezi bat eskura daiteke 10 euroren prezioan; horietatik 5 euro Lodosako Ibaialde ikastolari bideratuko zaizkio, "Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza sailaren erabakien ondorioz bizi duen egoera ekonomiko zailari eskua botatzeko".

Eskaerak egiteko:

Azaroaren 12ra arte egongo da zabalik. Eskaera horiek errigora.eus webgunearen bidez egin beharko dira, edo herrietako arduradunei eskuorria beteta emanez. Eskatutako produktuak azaroaren amaieran edo abenduaren hasieran jasoko dituzte herritarrek, bakoitzak bere udalerrian zehaztutako lekuan. Honez gain, eta Errigoraren kanpainaren barruan, "Sustraitik espaziora" dokumentala ikusgai egongo da Euskal Herriko hainbat herri eta auzotan.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA