Larunbatean jokatuko da Donostiako Klasikoa, aurtengo lasterketak 221,1 kilometro edukiko ditu, zazpi mendate eta bi esprint berezi. Lasterketak Gipuzkoako kostaldea zeharkatuko du lehen kilometroetan, Donostiatik zuzenean joango dira ziklistak Oriora, aurreko urteetan Andazarratetik barrena egin dute bide hori. Aurten, beraz, ibilbidearen erdialdean bakarrik pasako da lasterketa Tolosaldetik. Zehatz esateko, 128. kilometroan sartuko dira txirrindulariak Urrakitik Goiatzera (13:26). Handik Tolosara (13:41) jaitsi eta Alkizako mendatea ( 13:52) igo beharko dute -3. mailakoa-, Zizurkil eta Aduna (14:05) pasata utziko du lasterketak eskualdea. Azken kilometroetan, aurreko urteetako ibilbide berdina izango du probak.
Eskualdeko bi partaide
Donostiako Klasikoak punta-puntako ziklistak bilduko ditu irteera puntuan. UCI World Teams -eko 18 taldek parte hartuko dute eta UCIko ranking-ari esker beste hiru taldek ere izango dute bertan parte hartzeko aukera. Antolatzaileen gonbidapenari esker lau talde izango dira irteeran. Azken hauen artean daude Kern Pharma eta Caja Rural-Seguros RGA, eskualdeko ordezkari bana izango dute bi talde hauek: Unai Iribar ibartarrak eta Gorka Sorarrain tolosarrak Donostiako Klasikoan parte hartuko dute.
Trafikoan, aparkalekuetan eta autobus zerbitzuan eragina
Maila honetako lasterketa pasatzeko hartu beharreko segurtasun neurriak direla eta Tolosako udaltzaingoak neurri bereziak hartuko ditu larunbatean. Bentaunditik hasi eta Belaterainoko errepide eta kaleak itxi egingo dira. Rondilla eta Barrena kaleetako trafikoa 11:00etan etengo da. Aparkalekuei dagokionean, San Frantzisko pasealekuko ibilgailuak ostiralean 22:00ak aurretik kendu beharko dira. Rondilla kalekoak, larunbatean 7:00etarako. Garraio publikoak ere aldaketak izango ditu, herrigunean zeharkatu ohi duten autobusek Santa Klaran egingo dituzte geldialdiak larunbat goizean.