Tolosaldeko hiru gaztek —Oibar Olano asteasuarra eta Amets Arbelegui eta Gari Antxustegietxarte tolosarrak— Euskal Herria ordezkatuko dute datorren astean Danimarkako Roskilde hirian jokatuko den Atlantic Challenge International txapelketan. Uztailaren 6tik 13ra egingo den nazioarteko hitzorduan, euskal itsas izaera eta kultura mundura zabaltzeko lekukoa hartuko du nabigatzaile belaunaldi berri batek.
Pasaian egindako aurkezpen ofizialean azaldu dutenez, 15 eta 25 urte bitarteko 15 gaztek osatzen dute Basque Team taldea, Ane Miren Mirallesen eta Eider Arrutiren gidaritzapean. Aurtengo proiektuak esanahi berezia du, hamar urteko hutsunearen ondoren Euskal Herriak berriro ere bere talde propioa aurkeztuko duelako nazioarteko hezkuntza eta kirol topaketa prestigiotsu honetan. Izan ere, azken urteotan herrialde ezberdinetako gazteekin osatutako talde mistoetan parte hartu ondoren, aurten euskal koloreak berreskuratuko dituzte Roskildeko uretan, gainera, ez da edonolako agertokia: 2016an hiri berean lehiatu zen azken aldiz euskal tripulazio oso bat.
Eskualdeko ordezkariak erronka handi baten aurrean
Tolosaldeko hiru gazteak gainerako taldekideekin batera aritu dira azken hilabeteotan Pasaiako uretan entrenatzen. Roskilden, zortzi eguneko elkarbizitza partekatuko dute, eta jatorri frantseseko 12 metroko Lafayette Bantry Yola ontzian egingo diren mota guztietako probak gainditu beharko dituzte. Ontzia XVIII. mendeko eredu baten erreplika da, eta Albaola Euskal Itsas Faktoriak eraiki zuen 2015ean.
Gazteek arraun-estropadetan, bela-nabigazioan, erreskate-maniobretan, orientazio-probetan eta sokagintzan duten trebetasuna erakutsi beharko dute Belgika, Kanada, Frantzia, Britainia Handia eta Estatu Batuetako tripulazioen aurrean. Lehiaz eta emaitzez harago, ordea, Tolosaldeko hiru gazteak euskal itsas ondarearen eta kulturaren enbaxadore izango dira nazioartean.
Transmisioa eta elkarlana oinarri
Albaola Euskal Itsas Faktoriaren babesarekin abiatutako ekimenaren helburua da belaunaldi berrien artean itsasoarekiko lotura historikoa indartzea. Zortzi eguneko txapelketan, lehiaz harago, talde-lana, berdintasuna eta kulturen arteko trukea izango dira ardatz nagusiak.
Uztailaren 6tik aurrera, txapelketaren eta euskal tripulazioaren egunerokoaren berri Albaola Euskal Itsas Faktoriaren sare sozialetan eta tripulazioaren Instagram kontu ofizialean (@aci_basqueteam) jarraitu ahal izango da.