Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak Osakidetzak Tolosako osasun azpiegitura publiko berriarentzat prestatutako Plan Funtzionala aztertzeko bilera egin zuen maiatzaren 22an. Batzar horren aurretik adierazi moduan, orain ere, planak eskualdeak dituen beharrak asetzen ez dituela berretsi dute. Mugimenduko kideek planaren prestaketa prozesutik kanpo geratu izana ere deitoratu dute. Alkateen esanetan, eskualdeko ordezkari politikoek ez dute "merezi duten" daturik jaso. Tolosaldeko alkateek "elkarlanerako prestutasuna" adierazi dute.
"Ez da eskualdeko ospitale baten parekoa"
Pan Funtzionalaren edukiaren azterketa ere egin dute alkateek. Hauen ustez, Tolosan egin asmo den ospitale berria, Donostiako ESIaren menpeko azpiegitura soziosanitario bat da, "ez da eskualdeko ospitale baten parekoa". Alkateei Tolosaldeko ESIa desegin egingo dela iruditzen zaie. Egun eskualdean eskaintzen diren zenbait zerbitzu desagertu edo nabarmen murriztuko direla salatu du mugimenduak. Donostiako Ospitalera joan beharrak, irisgarritasuna murriztu eta berau saturatzeko arriskua ere ekarriko duela aipatu dute alkateek. Tolosalderako egin den Plan Funtzionala, Donostiakoaren berrantolaketarekin batera "halabeharrez" egin behar delakoan daude.
Honela, mugimenduko kideek Asuncion Klinikaren publifikazio aukera "modu serio eta sakonean" analizatzeko deia egin dute. Gipuzkoako gainerako herritarrek daukaten "osasun-arreta publikoaren kalitate eta zerbitzu maila bera" aldarrikatu dute. Azken aukera honek, egun Asuncion Klinikan lan egiten duten langileen egonkortasuna bermatuko lukeela ere uste dute mugimenduko kideek.