Egunean Behin sakelako galdera-erantzun joko ezagunak 21. edizioa abiatuko du datorren astelehenean, maiatzaren 11n. 28 Kanala parte den TOKIKOM komunikabide taldea izango da denboraldiaren babesle nagusia eta, jokoa garatzen duen CodeSyntax enpresarekin batera, berrikuntza nabarmena antolatu dute denboraldi berrirako: TOKIKOM Liga, hedabide-eskualdeen arteko norgehiagoka.
Egunean Behinen lehiatzeko aukera berri bat.
Orain arte, lehiatzeko bi modu egon dira Egunean Behin jokoan: jokalari guztien arteko sailkapen orokorrean, edo nahierara sortu daitezkeen taldeetan: herrikoa, familiakoa, lagun koadrilakoa… Bada, astelehenean hasi eta 9 astez luzatuko den 21. denboraldian, lehiatzeko hirugarren aukera bat ere izango da: hedabide-eskualdeka osatutako 10 talde, tartean 28 Kanala (Tolosaldea). Talde horiek mugatuak izango dira, eta jokalari bakoitzak bakar batean eman ahalko du izena. Denboraldi honetarako hauek izango dira aukerak:
- 28 Kanala (Tolosaldea)
- Aiurri (Beterri – Buruntza)
- Anboto (Durangaldea)
- Arabako Alea (Arabar guztiei irekia)
- Barrena (Debabarrena)
- GiTB (Goierri)
- Goiena (Debagoiena)
- Guaixe (Sakana)
- GUKA (Urola Kosta)
- Hiruka (Uribe Kosta)
Talde horietako bakoitzak bere sailkapen eta barne lehia propioa izango du, eta hedabide bakoitzak eskainitako sariak ere bai. Baina horrez gain, taldeon arteko lehia ere izango da. Egunero jokatzen duten jokalarien batez besteko puntuazioetan oinarrituta, eskualdeen arteko rankinga ere argitaratuko da, eta horrela astez aste ikusiko da zein eskualde nagusitzen den jokoan.

Taldeon ezaugarri bereziak.
Hedabide-eskualdekako talde hauek ezaugarri bereziak izango dituzte:
- Alde batetik, parte hartu nahi duten jokalariek taldeotako bakarra aukeratu beharko dute. Talde arrunten kasuan, orain arte bezala, nahi bestetan parte hartu ahalko da.
- Horretarako aukera, profila editatzeko aukeretan aurkituko dute. (Pantailaren goiko aldean ezkerretara). Bertan azalduko da hedabide-eskualdea aukeratzeko menu bat.
- Talde horietan izena emateko profileko informazioa osorik bete beharko da, sarien kudeaketa errazteko.
- Hedabide bakoitzak bere sariak izango ditu, jokalarien artean zozketa bidez banatuko direnak. 28 Kanalaren kasuan sariak honakoak izan daitezke: otorduak, kirol jarduetarako dortsalak, kultur ekitaldietarako sarrerak...
Denboraldiak dirauen bitartean, astero-astero, eskualdeen arteko sailkapena jakinaraziko da jokalarien sailkapenekin batera. 28 Kanala eta Tolosaldearen izen onaren alde egin nahi dutenek, beraz, Egunean Behin instalatu eta gure taldean izena ematea baino ez dute! Aplikazioa eskuratu eta TOKIKOM Ligaren bilakaera ikusteko https://eguneanbehin.eus/tokikom helbidera jo daiteke.