Igandean Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatu ziren Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketak. Bigarren mailan, eskualdeko bi ordezkariren artean jokatu zen finala. Alain Luixak (Kuku) nagusitasunez irabazi zion Gexan Mendizabali (Beotibar), 25-13 bukatu zen partida. Luixak kantxan duen esperientziak samurtu zion txapela janzteko bidea.
Lehenengo mailan, Odei Arregi (Beotibar) tolosarrek ezin izan zuen Iker Epelde (Oteiza) azkoitiarra menderatu. Lehiaren hasiera parekatua izan bazen ere, launa joan ziren, ondoren, Epeldek dominatu zuen jokoa eta 16-6 aurreratu zen markagailuan. Azkenerako, 22-12 bukatu zen partida.