Gipuzkoako Herri Arteko Txapelketen egutegiak finkatuta daude. Eskuz, final hamaseirenetan ekingo zaio lehiaketari, Tolosaldeko ordezkari guztiak eskaileren lehen mailatik hasiko dira. Aurreneko kanporaketa hori maiatzaren 3an eta 10ean jokatuko dute. Tolosaldeko partaide guztiek beste eskualdetako aurkarien kontra neurtuko dituzte indarrak, ez da derbirik izango. Amasa - Villabonak, Donostian ekingo dio txapelketari eta Alegiak, Aretxabaletan. Herriartekoa etxean hasiko dute gainerakeok: Albiztur - Astigarraga, Aduna - Oñati, Amezketa - Lazkao eta Zizurkil -Aia izango dira kanporaketak.

Gomazko paleta
Gomazko paletari dagokionean, final hamaseirenetan Tolosak Zumarraga hartuko du lehen partidan, Anoetak Errenterian jokatuko du eta Alegiak Eibarren. Kasu honetan ere maiatzako lehenengo bi ostiraletan jokatuko dira lehen kanporaketak. Eskualdeko hiru partaideak txapelketaren goiko adarretik egingo dute finalerako bidea, final laurdenetan etorri daiteke Alegia eta Tolosaren arteko derbia.
