Tolosaldeko osasungintzaren etorkizunak eztabaida sortu du Eusko Legebiltzarrean, ospitale berri baten proiektuak eta Asuncion klinikaren etorkizunak ziurgabetasuna eragin baitute.
Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak kezka adierazi du Osasun Sailak proiektatzen duen Tolosaldeko ospitale berriarekin. Osasun Batzordean esan duenez, "komunikabideen bitartez jakin dugunaren arabera, Osakidetza planteatzen ari den zerbitzu zorroa orain dagoena baino apalagoa izango da, eta horrek kezkatzen gaitu."
EH Bilduk eskatu du prozesu guztia gardentasun osoz egitea eta Asuncion klinikako langileak kontuan hartzea, gainerako eskualdeek duten zerbitzu maila bera bermatu ahal izateko.
Langileen Salaketa: "Nazkatuta Gaude Ziurgabetasunarekin"
EH Bilduk gonbidatuta, Asuncion Klinikako langileen batzordeko kideak (LAB eta ELA sindikatuak babestuta) ere agertu dira Legebiltzarrean, egoeraren blokeoa eta Osasun Sailaren opakutasuna salatzeko. Langileen ordezkarien hitzetan, "hamaika urte, hogeita bi promesa, beste hainbeste gertaera, baina oraindik orain, egoerak bere horretan dirau."
Langileek nabarmendu dute Tolosaldea dela erreferentziazko eskualde-ospitale publikorik ez duen eskualde bakarra Gipuzkoan. Gainera, argudiatu dute hilabete askoren ondoren, ez dagoela bermatuta langileek mahai gainean jarritako aldarrikapen bat bera ere:
- Ez omen dago Plan Funtzionalik, eta ez dakite ospitale berriak zein zerbitzu izango dituen.
- Ez dakite zer gertatuko den Asuncion Klinikako egungo instalazioekin.
- Ez daukate bermerik 370 langileek ospitale berrian lanean jarraituko duten, batez ere medikuak eta erizainak ez diren gainerako langileak.
"%100 Publikoa Izango da?"
Langileek adierazi dute Osasun Sailburuarekin izandako bileran informazio gutxi jaso zutela, eta diskrezioa eskatu bazuten ere, beraiek opakutasuna ikusten dutela. Zenbait zalantza ere adierazi dituzte beraien agerraldian: "Zergatik ezin da langileen subrogazioa landu, Onkologikoarekin gertatu bezala? Zergatik ezin da egungo Asuncion klinika publifikatu? Zer gertatuko da egungo klinikaren instalazioekin, urte hauetan diru publikoz inbertsioak jaso ondoren? Ospitale berria OSI Donostialdean barnean kokatua egongo al da, eta zer gertatuko da OSI Tolosaldearekin?"
Langileen batzordeak eta EH Bilduk exijitu diote Osasun Sailari Donostiako Onkologikoan erabilitako bidea hartzeko: Asuncion klinikaren publifikazioa eta langileen subrogazioaren bermea.