24. Korrika

ZETAKen "Xiberutikan Mendebaldera", 24. KORRIKAren kanta

Erredakzioa 2025eko abenduaren 11

‘Xiberutikan Mendebaldera’ kantak jarriko dio doinua 24. KORRIKAri Ane Elordi Korrika arduradunak eta Pello Reparaz kantaren egileak eta Maixux Zugarramurdik abestia eta bideoklipa aurkeztu dituzte Agoizko (Nafarroa Garaia) Kultur Etxean.

Ane Elordi Korrika arduradunak eta Pello Reparaz aurtengo kantaren egileak 24. Korrikari doinua jarriko dion abestia aurkeztu dute, ‘Xiberutikan mendebaldera’ izenburupean, Agoizko Kultur Etxean. Horrez gain, bideoklipa ere publiko egin dute.

Pello Reparazek sortu ditu kantaren musika zein letrak, eta bideokliparen zuzendaritza-lanaz ere arduratu da. Gaurko emaitza musikala lortzeko, Reparazekin batera, Maixux Zugarramurdi eta Erramun Martikorena abeslariek hartu dute parte. Bideoklipari dagokionez, nabarmentzekoa da plano-sekuentzian grabatuta dagoela.

Ane Elordik gidatu du ekitaldia, eta zinez eskertu du Reparazen ahalegina: “Eskerrik asko Korrikarako kanta zoragarri hau ekoizteagatik eta, are gehiago, musikatik euskarari eta euskal kulturari egiten diezun ekarpenagatik”, esan du.

Aurten, lehenengo aldiz, AEK osoak prozesu demokratiko baten bitartez aukeratu du nori egin kantaren enkargua, Elordik adierazi duen moduan: “Aurrenekoz, AEKide guztion artean erabaki dugu noren eskutan jarri Korrikaren kanta”, azaldu du.

Ondoren, Reparazek hartu du hitza eta Korrikaren abestia sinatzea bere ibilbide artistikoko “erantzukizun eta poz handienetako bat dela” aitortu du hunkituta. “Ez da enkargu hutsa: kantaren bidez euskarak eta Korrikak niri eman didatenaren zati bat itzultzea da”.

Euskara gara

24. Korrikaren leloaren “pisu handiaz” hitz egin du: “ez gara bakarrik hizkuntzaz ari, bizitzeko, elkar zaintzeko eta etorkizun duinago bat elkarrekin irudikatzeko modu bati buruz ari gara”, adierazi du kantaren egileak. Kantari mugimenduan dagoen komunitate baten sonoritatea ematen ahalegindu da, “ez ereserki zurrun” batena. Entzuten duenak koru honen parte sentitu dezan nahi izan duela aipatu du. Abesti honek jendarteari euskarara hurbiltzeko gonbita egiten dio. Bukatzeko hauxe aipatu du Reparazek kantaren helburuaz: “AEKren euskaltegietan izena ematera lehen urratsa emateko, alabarekin duen elkarrizketa batean euskaraz egitera animatzeko, edota Korrikan kilometro bat gehiago egitera sustatzeko balio badu, kantak bere funtsa beteko du”. Behin aurkezpena eginda, bideoklipa proiektatu dute.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA