Udalerri euskaldunetako bulegoetan euskara lehenesteko konpromisoa berretsi dute UEMArekin hiru finantza erakundek

Erredakzioa 2025eko azaroaren 20a

Finantza alorrean euskararen erabilera areagotzeko hitzarmena sinatu eta aurkeztu dute gaur UEMAk, Kutxabank-ek, Laboral Kutxak eta Bankoa ABANCAk, 59 udalerri euskaldunetako alkateekin eta ordezkariekin batera.

 Hizkuntza irizpideak adostu dituzte UEMArekin, eta udalerri euskaldunetan dituzten bulegoetan euskara lehenetsiko dute hiru finantza erakundeek.

2016an lehen aldiz sinatu zuten hitzarmena Kutxabank-ek eta Laboral Kutxak UEMArekin, eta 30 udalek egin zuten bat hitzarmenarekin. 2021ean, bost urte geroago, hitzarmena eguneratu eta Bankoa ABANCA ere gehitu zen hitzarmenera. Gaur, hitzarmena eguneratu eta berretsi dute UEMArekin hiru finantza erakundeek, horien bulegoak dituzten 59 udalerri euskaldunetako udalekin batera. Eskualdeko, Alegia, Amasa-Villabona, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Ibarra, Lizartza eta Tolosa herriek hartu dute parte hitzarmenean.

Udal horietako alkateak eta ordezkariak Tolosan izan dira gaur eguerdian, eta hitzarmena aurkezteko ekitaldia egin dute. Tolosako alkate Andu Martinez de Rituertok egin die harrera finantza erakundeetako eta udaletako ordezkariei, eta UEMAko lehendakari Martin Aramendik hartu du ondoren hitza, gaur sinatutako hitzarmenaren nondik norakoak azaltzeko. Ondoan izan ditu Aitor Aranburu Olabarri Kutxabank-en Txikizkako Bankaren Zuzendari Nagusia, Iñaki Egizabal Zinkunegi Laboral Kutxaren Pertsonen Departamenduko zuzendaria eta Ana Urkiza Ibaibarriaga, Bankoa ABANCAko euskara koordinatzailea.

Euskararen erabilera bermatu ahal izateko hainbat kontu erabaki eta zazpi puntutan bildu dute hitzarmena. Honakoak, zehazki:

1. Elkarren arteko harremanak. Udalen eta finantza entitatearen arteko harremanak, ahoz zein idatziz, euskaraz izango dira. Hori bermatzeko baliabideak jarriko dituzte bi aldeek; finantza entitateen kasuan, udalerrietako bulegoetan ez ezik, baita gainerako ataletan ere.

2. Hizkuntza irizpideak. Finantza entitateak, hitzarmena sinatu duten udalerrietan dauzkan bulegoetan, euskararen presentzia bermatuko du herritarrekiko harremanetan. Helburu hori betetzeko asmoz, besteak beste, honako neurri zehatz hauek ezarriko ditu:

  • Lehen hitza. Langileek euskaraz egingo diote lehen hitza bezeroari.
  • Mezu elektronikoak. Posta elektroniko bidezko mezuak euskaraz bidaliko zaizkie bezeroei, edo ele bietan; ele bietan bidaltzekotan, euskara lehenetsiko da.
  • Produktuak. Finantza produktuei buruzko informazioa euskaraz emango dute langileek, non eta bezeroak ez duen aurkakoa eskatzen; idatzizko informazioari dagokionez, euskaraz emango dute, edo, bezeroak hala eskatzen badu, ele bietan. Helburu hori lortzeari begira, entitateak bereziki zainduko du langileek badutela nahiko trebetasun produktuei buruzko informazio teknikoa euskaraz emateko.
  • Txartelak. Euskaraz konfiguratuko dira txartelak, bezeroak aurkakoa eskatu ezik.
  • Eskaintza aktiboa. Finantza entitateak ahalegina egingo du bezeroek gero eta gehiago erabil dezaten euskara bere zerbitzuetan. Horretarako, batetik, kartelak jarriko ditu bulegoetan, langileek badakitela adierazteko eta euskaraz aritzera gonbidatzeko; bestetik, erabilera sustatzeko kanpainak egingo ditu aldian-aldian.
  • Kutxa automatikoak. Txartela sartu aurreko mezuak euskaraz agertuko dira kutxa automatikoetan: bai publizitatea, bai sartu txartela eta horrelako mezuak.
  • Hizkuntza paisaia. Euskaraz egongo dira bulegoetan jarritako iragarki kartelen %75 gutxienez, barrura zein kanpora begira. Kartel elebidunak jartzekotan, euskarazko mezua nabarmenduko da. Bulegoak publizitaterik jartzen badu tokiko argitalpenetan (aldizkariak, egitarauak…), euskaraz jarriko du. Bulegoko seinaleak euskaraz edo ele bietan jarriko dira; ele bietan bada, euskara lehenetsita. Eskuorrietan euskara lehenetsiko da, eta bulegoetan bezeroek hartzeko moduan dauden eskuorrien %75 gutxienez egongo dira euskarazko aldea ikusgai dutela.
  • Toponimoak. Leku izenak erabiltzean, euskarazko izen ofizialak baliatuko dira.
  • Eragiketak. Libretetan eta kontuetan eragiketaren bat erregistratu behar denean, erregistroak euskaraz egingo dira, non eta bezeroak ez duen kontrakoa adierazten.
  • Bezero gazteak. 35 urtetik beherako bezeroei euskara hutsez bidaliko zaizkie komunikazioak, haiek ez badute besterik eskatzen —kasu horretan, ele bietan bidaliko zaizkie komunikazioak, betiere euskara lehenetsita—. Bezero berriak hartzeko prozeduretan txertatuko da irizpide hori, harremana euskaraz has dadin.

3. Langileak. Irizpide horiek guztiak ezartzeko eta euskararen erabilera sustatzeko, osagai funtsezkoa dira finantza entitateko beharginak. Horiei begira, neurri hauek hartuko dira:

  • Ezagutza. Bulego horietako langileak gai izango dira edozein lan mota euskaraz egiteko. Xede hori lortzeko, trebakuntza eskainiko die entitateak, eta baliabide informatikoak prestatuko ditu. Bulego horietan zerbitzu emateko kontratatutako langile berriak, finkoak zein aldi baterakoak, elebidunak izango dira.
  • Harrera. Langile berri bat hasten denean, harrera egitean azalduko zaizkio hitzarmen honetan jasotako irizpideak. Horrekin batera, udalerri euskaldunei buruzko oinarrizko informazioa helaraziko zaio, aurrez prestatutako material baten bidez. Hitzarmen hau indarrean sartzean, jadanik bulego horietan lanean ari diren behargin guztiei bidaliko zaie udalerri euskaldunei buruzko materiala.
  • Lan hizkuntza. Langileen arteko harremanetan euskararen erabilera areagotzeko ahalegina egingo du entitateak, lankideen hizkuntza ohituretan bereziki eraginez. Horretarako, euskararen erabilera sustatzeko antolatzen diren ekimenetan parte hartzea sustatuko du entitateak.

4. Banka elektronikoa. Euskara lehenesteko neurriak hartuko ditu finantza entitateak banka elektronikoarekin lotutako eremuetan, webgunean zein aplikazioetan. Bermatuko du eragiketa guztiak egin daitezkeela euskaraz. Bezeroek gailu elektronikoak euskaraz konfigura ditzaten sustatuko du finantza entitateak, hori bultzatzeko kanpainak eginez, kontuan izanik euskaraz konfiguratzea inportantea dela zerbitzuak euskaraz erabiltzeko.

5. Hedapena. Udalek hitzarmen honen edukiaren berri emango diete herritarrei. Udal langileei ere jakinaraziko diete, finantza entitatearekin harremanak euskaraz izan ditzaten.

6. Jarraipen batzordea eta ebaluazioa. Hitzarmena eraginkorra izan dadin, jarraipen batzorde bat osatuko dute finantza entitateko eta UEMAko ordezkariek. Urtean behin gutxienez bilduko da, eta haren egitekoa izango da ezarritako irizpideen jarraipena egitea.

7. Indarraldia. Hitzarmen honek lau urteko iraunaldia izango du. Nolanahi ere, epea amaitu aurretik, edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez erabaki ahal izango dute hitzarmena luzatzea, gehienez beste lau urterako, edo hitzarmena azkentzea.

Ekitaldia amaitzeko, UEMAk, hiru finantza erakundeek eta hitzarmena sinatu duten 59 udalek hitzarmenaren atarian bildutakoa ekarri du gogora UEMAko lehendakari Martin Aramendik: “Batetik, kalitatearen osagai funtsezkoa dela bezeroak harremanetarako hizkuntza hautatu ahal izatea. Bestetik, bi hizkuntza ofizialen artean desorekan dagoen hizkuntza ahula dela euskara eta, beraz, hau lehenesteko neurriak hartzea ezinbestekoa dela, euskara zabaltzeko eta sendotzeko asmoz, beti ere bezeroek euskaraz ahoz eta idatzi jarduteko duten eskubidea modu argi eta garbian aitortuz”.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA