AEK-k jendaurrean aurkeztu du 24. Korrika. ‘Euskara gara’ lelopean elkartu nahi ditu euskaltzaleak, «euskara ez baita muga bat; euskara arnasa da». 2026ko martxoaren 19tik 29ra izango da.
Atharratzen hasiko da martxoaren 19an eta hamaika egunez Euskal Herria zeharkatuko du, azken egunean Bizkaiko hiriburuan bukatzeko. Bertan, lekuko barruko mezua irakurriko da egun osoko jai-egitarauarekin bat eginez. Hala aurreratu du AEKk Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean egindako aurkezpen-ekitaldian. AEKren Nazio Kontseiluko kide Maialen Begiristain Gradok eta Lurdes Etxezarreta Artabek hartu dute hitza, besteak beste.
Aurten Errigora izango da talde omendua. Korrikak aitortza egin nahi dio euskaratik, euskararentzat eta euskaraz lanean ari den ekimen herritarra egiten ari den ahaleginarengatik, eta babesa ere adierazi nahi dio aurrera jarrai dezan.
Dagoeneko eskuragarri dago Korrikako doako aplikazio berritua informazio guztiarekin.
KORRIKAren mezua
Euskara-herria naiz, bizitzeko era, izateko modua.
Suaren antzekoa naiz: beti bera, eta beti berri.
Ongi etorri nire etxera, gure etxera.
Iraganetik gaur egunera, ateak beti zabalik ditugun babesgunera.
Zu eta ni euskara gara. Bat gara.
Miloi bat euskaldun gara, eta gehiago izango gara.
Biziberritzen den komunitate aske eta irekia gara,
elkarrekin sortuko dugun etorkizuna.
Alderik alde zeharkatuko dugun Euskal Herria gara.
Eman hitza, eta eman pauso, erdigunean jartzeko aniztasuna eta elkar zaintzea.
Eman pausoa, eta aktibatu, lehen lerroan nahi dugu helduen euskalduntzea.
Guztiok gara ezinbesteko. Pertsona bakoitzak du balioa; hiztun bakoitzak, garrantzia.
Euskaltegian izena eman dugunok, euskara lehen hizkuntza dugunok, kanpotik etorri garenok,
euskaraz, Euskal Herrian, ikasi eta bizi nahi dugunok...
Guztiok herri bat gara. Euskara gara.
Aditu Korrikaren deiadarra.
Izan gaitezen dardara, izan gaitezen indarra.
Piztu da Korrikaren garra!…