Ospitale publikoaren auzia

Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak Osasun sailburuaren konpromisoa baloratu, eta xehetasun gehiago eskatu ditu

Erredakzioa 2025ko urr. 20a, 17:13

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua eta bere taldea Tolosan izan dira gaur, Tolosaldeko hautetsi eta udal ordezkariei etorkizuneko ospitale publikoaren plan funtzionalaren lehen zirriborroa aurkezten.

Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak positiboki baloratu du Sailburuak azaldu duen konpromiso irmoa, bost urteko epean Tolosaldean ospitale publikoa eraikitzeko, eta eskertzen du gaia lehen eskutik azaldu izana.

Tolosaldeko Alkateen Mugimendua lau erronka nagusiren inguruan eratu zen, eta helburu horiek indarrean dira oraindik: Tolosaldean osasun arreta publiko, integrala eta kalitatezkoa bermatzea, Tolosaldean izaera publikoko ospitalea izatea, Tolosaldeko herritarrek osasun arreta euskaraz jasotzeko eskubidea izatea eta Asuncion Klinikako langileen etorkizuna modu egokian bideratzea.

Gaurko bileran, Donostia Ospitalearen baitan integratutako eredu baten aldeko apustua jarri dute mahai gainean. Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak honen norabidea egokitzat jotzen duen arren, adierazi dute informazio asko falta dela oraindik, eta galdera ugari daudela erantzun gabe. Proiektuaren xehetasun teknikoak, zerbitzuen antolaketa, baliabide eta langileen integrazioaren baldintzak zehaztu gabe daudela diote, eta horiek funtsezkoak direla eskualdeko osasun sistemaren etorkizuna ulertzeko.

Tolosaldeko Alkateen Mugimenduaren esanetan, Asuncion Klinikako langileen egoerari dagokionez, Osasun sailburuak adierazi du: “ospitale berrian sartuko diren lehen profesionalak Asuncioneko profesionalak izango dira, antzinatasuna aitortuta eta, betiere, dagokien titulazioa badute.”

Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak adierazi du lanean jarraituko duela, "arduraz eta zorrotz" jokatzeko konpromisoz, proiektu honek benetan ospitale publikoa izan arte.

Mugimendutik uste dute etorkizuneko azpiegitura honek Tolosaldeko herritarren beharrei erantzungo dien osasun arreta publikoa, kalitatezkoa eta euskalduna bermatu behar duela, eta norabide horretan jarraipen arduratsua eta zorrotza egingo dutela.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA