Ospitale publikoaren auzia

Ospitale berria abian jarri arte, Tolosaldea ESIren antolaketan aldaketa handiak egingo dira

Erredakzioa 2025ko urr. 20a, 13:53

Osasun Sailburuak aitortu duenez, osasun-zerbitzu publikoaren indartze estrategiko bat izango da Tolosako ospitale publiko berria. Eskualdeko biztanleentzako arreta hurbilago eta eraginkorragoa eskainiko du, eta Gipuzkoa osorako baliabide garrantzitsu bihurtuko da. proiektu hau gardentasunez eta parte-hartze aktiboarekin garatzen ari dela gaineratu dute Eusko Jaurlaritzak eta Osasun Sailak.

Alberto Martínez Osasuneko sailburuak eskualdeko alkate eta hautetsiekin, sindikatuekin eta herritarren plataformarekin bildu da, eta ospitale publikoaren proiektuarekiko konpromisoa berresti die. Gaur arratsaldean herritarrei ere azalduko die, jendaurreko ekitaldi batean.

Agerraldia ere egin dute eta bertan berretsi du ospitale berria Osasun Sailaren lehentasunezko jarduera estrategikoetako bat dela, eta azaldu du horretarako 200.000 euroko hasierako aurrekontu-partida esleituta dagoela datorren urteko Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan.

Sailburuak azpimarratu du baita ere, ospitale berria abian jarri arte, Tolosaldea ESIren antolaketan aldaketa handiak egingo direla, bai epe laburrean, bai epe ertainean, zenbait zerbitzu berrantolatzeko eta asistentzia anbulatorioa indartzeko. Horien artean, honako hauek nabarmentzen dira:

  • Barne-medikuntzako asistentzian eta lan-fluxuen kudeaketan duen zeregina indartzea.
  • Tolosaldeko pazienteak Donostialdea ESIan dauden programa eta ibilbideetan sartzea.
  • Tolosako anbulatorioan barne-medikuen figura ezartzea, paziente horiek integratzeko erreferente gisa.
  • Tolosaldean asistentzia anbulatorio espezializatua harian-harian indartzea, zerbitzu bakoitzaren homidurararen eta Tolosaldeko biztanleen beharren arabera.

Osasun-arreta hobetzeko estrategia integral bat

Ospitale berriaren helburua da Tolosaldean osasun-arretaren kalitatea handitzea, baliabide sanitarioen erabilera optimizatuz eta paziente kalteberentzat arreta hurbilago eta efizienteagoa bermatuz. Proiektua Donostialdea ESIren egituraren barruan kokatuko da, eta bertako profesionalen lankidetzarekin garatuko da.

Proiektuaren barruan, ospitale berria bost urteko epean martxan jartzea aurreikusten da. Eraikina suhiltzaileen parke ondoan kokatuko da, eta egungo lurzoruaren erabilera egokitzeko lanak martxan daude.

Zerbitzuak eta espezialitateak

Tolosako ospitale berriak honako azpiegitura eta zerbitzu nagusiak izango ditu:

  • 77 ospitalizazio-ohe (eta 90 arteko gaitasuna, etorkizuneko eskariaren arabera)
  • 4 ebakuntza-gela, horietako bat konplexutasun txikiko kirurgiarako
  • Erresonantzia magnetiko zerbitzua, endoskopia-unitateak eta bi miaketa-gela
  • Anestesia osteko errehabilitazio-unitatea, larrialdi-zerbitzua eta erradiologia ekipamendua

Ospitalean eskainiko diren espezialitate medikoak anitzak izango dira: digestio-aparatua, dermatologia, endokrinologia, ginekologia eta obstetrizia, neurologia, errehabilitazioa, pneumologia, alergologia, kardiologia, hematologia, barne-medikuntza, erreumatologia, anestesiologia, kirurgia orokorra, oftalmologia, otorrinolaringologia, traumatologia eta urologia.

Ospitale berria ez da soilik Tolosaldeko biztanleei zuzenduta egongo; Gipuzkoa osorako erreferente bihurtzea aurreikusten dute diagnostiko-prozedura eta proba osagarrietan. Donostialdea ESIko espezialistek osatuko dute talde profesionala, eta ospitalearen jarduera urtean 3.600 kirurgia eta 3.000 endoskopia baino gehiago egitea aurreikusten da.

Planifikazioa eta parte-hartzea

Proiektua eskualdeko egungo eta etorkizuneko osasun-beharretan oinarrituta diseinatu dautela adierazi du sailburuak. Azterketa sakon baten ondoren, Osasun Sailak eta Osakidetzak ospitale berria eremu mediko eta kirurgikoaren osagarri bihurtzea adostu dute, Donostia Unibertsitate Ospitalearen laguntzaz.

Era berean, entzunaldi eta kontraste prozesu publiko baten bidez, gardentasunez partekatu nahi izan dute informazioa gizarte-eragileekin, herritarrekin eta instituzioekin, irailetik hona egin diren aurrerapenekin eta jarraitu beharreko bidea azalduz.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA