TOKIKOMek, 78 euskarazko toki komunikabide batzen dituen taldeak, tkm.eus sortu du, tokiko edukian espezializatuko den Mastodon sare sozialeko nodoa. 28 Kanala ere hemen izango da gaurtik aurrera,@28kanala@tkm.eus kontuarekin. Mastodon gizarte-sare eta mikroblogintza zerbitzua da, 2016ean sortua, egitura deszentralizatuan eta software librean oinarritzen dena.
Erresuma Batuko BBC irrati-telebista publikoaren ereduari jarraiki, Mastodon sare irekian nodo propioa sortu du Tokikomek: tkm.eus-en TOKIKOMeko komunikabideak eta profesional zein kolaboratzaileak baino ezingo dira erregistratu, eta araudi zorrotz bati jarraitu beharko diote, besteak beste, informazioa eta iritzia ondo bereizteko. Mastodoneko kontua duen edonork jarraitu ahal izango ditu Tokikomeko kontuak, gure edukiak eskura izateko.
Orain artean erabili ditugun sare sozialak oraindik jende asko erakartzen dute, eta oraingoz haietan presente jarraitu beharko dugu denbora batez, baina, hedabide gisa, gero eta beharrezkoagoa iruditzen zaigu gure jarduera soziala gure kontrolpeko plataformen bidez egin ahal izatea, ildo editoriala geuk markatuta.
28 Kanaleko Mastodon kontua nola jarraitu
TOKIKOMetik dei argia egin diete toki komunikabideen jarraitzaileei: “Egin zuk ere zero kilometroko edukiaren aldeko apustua. Jarraitu gertuko informazioa algoritmoetatik urrun”. Kontu hauetako bati (edo gehiagori) jarraitzeko, errazena Mastodon sareko kontu batetik egitea da:
- Dagoeneko Mastodon erabiltzen baduzu, Mastodoneko bilaketa kutxan interesatzen zaizun kontua sartu, eta berehala jarraitu ahalko duzu.
- Oraindik ez baduzu Mastodon konturik, euskaraz funtzionatzen duten bi zerbitzari daude aukeran, eta haietan kontu berria irekitzea oso erraza da:
28 Kanalak aktibatu duen kontua @28kanala@tkm.eus da.