Tolosaldeko Alkateen Mugimenduaren eskariz, eskualdeko udal ordezkariak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburua den Alberto Martinez eta bere lantaldearekin bildu ziren azaroaren hasieran. Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez batzarrean "elkar ulertzeko" ahalegina izan zen.
Tolosaldeko alkateek gai ezberdinen inguruan hitz egin zuten bileran; batetik Lehen Arretak eskualdean duen egoera azaldu zioten osasun sailari eta bestetik, Tolosaldean osasun arreta euskaraz izateak "duen garrantzia" nabarmendu zuten.
Osasun arreta ospitalarioa
Alkateen mugimenduaren eta Osasun Sailaren arteko batzarrean osasun arreta ospitalarioaren gaiak hartu zuen pisu nagusia. Alkateen Mugimenduak Osasun Sailari zentro berriak zer zerbitzu izango dituen azaltzeko eskatu zion eta etorkizuneko aurreikuspenen inguruan galdetu.
Eskaera hauen aurrean, Tolosaldeko Alkateen Mugimenduko kideek Eusko Jaurlaritza osasun profesionalekin, eragileekin eta udalekin elkarlanean osasun proposamena definitzeko prest ikusi dute. "Asuncion Klinikako errealitatea" zein den ere aztertuko du Osasun Sailak. Bilera honen ondoren, eskualdeko alkateek batzarrak emandakoa "modu positiboan" baloratu dute.