Astero bezala, zinema forumak emango dio hasiera zinema karteldegiari. Aste honetan aukeratu duten pelikula El monje y el rifle da. 2006. urtea da. Bhutango erreinua demokraziarantz doa. Hauteskundeei begira, gobernuak bozketa simulakroak antolatu ditu, herritarrak ezagutzen ez duten egoera batera egokitze asmotan. Bien bitartean, Ura izeneko herrian, erregimenaren aldaketari aurre egite asmotan, arma bat lortzea eskatzen dio lama zahar batek monje bati. Lortzen duen arma, AEBtako arma-bildumagile bat bila dabilen errifle baliotsua da. Film hau, ostegunean 20:30ean eskainiko da Leidor aretoan.
Larunbat eta astelehenean 19:00etan El Club de los Milagros filmaren txanda izango da. Ballyfermot, Irlanda, 1960. Dublin kanpoaldean kokatuta dagoen komunitate bat, fede, lealtasun eta batasun tradizioetan errotua dagoena. Ballyfermoteko emakumeek askatasuna dastatu eta etxeko bizitzatik ihes egin nahian amets bat dute: Frantziako Lourdes hiri sakratura erromes joatea. Beraien komunitateko apaiz lotsagabe eta errebeldearen esku hartzeari esker, Lily, Eileen, Dolly eta Sheilak, herrian egiten den errifan, beraien ametsetako bidai txartela lortuko dute.
La habitación de al lado filmak ere izango du tartea Leidor aretoan, larunbatean 21:30ean eta igandean 19:30ean hain zuzen. Ingelesez filmatutako Pedro Almodovarren lehen film luzeak Ingrid eta Martharen istorioa kontatuko digu. Ingrid eta Martha oso lagunak izan ziren gaztetan. Biak aldizkari berean lan egiten zuten, baina Ingrid autofikziozko idazle bihurtuko da eta Martha gerra-erreportari. Bakoitzak bere ibilbidea jarraituko du, eta, urte askoan elkar harremandu gabe egon ondoren, berriz ere bizitzak elkarren bidean jarriko ditu, gainera, muturreko egoera batean.
Haurrentzako txanda igandean 17:00etan iritsiko da 10 vidas filmarekin. Rosek Becket adoptatu du, txakurtegitik ihes egiten saiatzean kotxez harrapatzen duen katua. Hainbeste mimatuko du, azkenean, katutxo berekoi eta gaizki hezi bat bihurtuko dela. Ustekabean, Becketek bere bederatzigarren eta azken bizitza galduko du eta hau onartu ezinean, zeruko ateetan planto egingo du, zaindariari azken aukera bat eskatuz. Zaindaria berataz errukituko da, eta beste bederatzi bizitza emango dizkio. Becketek ez daki, ordea, animalia desberdinetan hezurmamituko dela bizitza berri bakoitzean, arratoi, labezomorro, mofeta edota txakur gisa itzuliz. Aukera berri honi esker, bizi-lezio baliotsua ikasiko du Becketek, izan ere, batzuetan, hainbat bide egin behar izaten ditugu gure bertsiorik onena ezagutzeko.
Amasa-Villabonako Gurea Antzokian pelikula bat izango dute ikusgai asteburuan zehar, larunbatean 19:30ean eta 22:00etan eta igande eta astelehenean 19:30ean. Joker filmaren jarraipenak, lehenak utzi gintuen tokian jarraitzen du. Erabateko anabasa sortu ostean, Arthur Fleck, Arkham eroetxean sartu dute, Joker bezala egin dituen krimenengatik epaiketaren zain. Bere identitate bikoitzari aurre egiten dion bitartean, Arthurrek benetako maitasunarekin topo egiteaz gain, bere barnean betidanik egon den zerbait deskubrituko du, musika.