Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko Departamentuko ordezkariak Tolosara hurbildu dira, Tolosaldeko herritarrekin Baserritar Misto Profesionala ekimenari buruzko xehetasun gehiago emateko. Lehen sektorearen belaunaldi erreleboa bermatzeko helburuarekin sortutako ekimena da Foru Aldundiaren proiektu hau.
Ekimen honen bidez, lehen sektorean jarduera profesional bat garatu nahi duten pertsonei laguntza eman nahi die, horretarako, % 50eko lanaldi-murrizketa proposatzen die ekimenak, interesdunak jarduera hori baserriko lanekin bateragarri egin ahal izan dezan modu profesionalean, diru-sarrerak bi jardueretatik etor daitezen.
Programaren xehetasunak
Programa baserritar misto profesionala izateko interesa duten 18 eta 55 urte bitarteko pertsonei zuzenduta dago. Parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da kontratu mugagabea eta lanaldi osokoa izatea eta enpresan gutxienez 18 hilabeteko antzinatasuna izatea. Bazkide langileen kasuan, 10 bazkide baino gehiago dituzten erakundeetakoek soilik izango dute laguntza jasotzeko aukera. Langile berrien kasuan, lan-kontratu mugagabe berriak lanaldiaren % 50 izan beharko du.
Enpresei dagokienez, parte hartzeko baldintza nagusia haien jarduera lehen sektoreari lotuta ez egotea da.
Programak sei urteko iraupena izango du guztira. Foru erakundeak konpentsazio ekonomikoa emango die baserritarrei eta enpresei lanaldi-murrizketari aurre egiten laguntzeko.
Informazio saio honez gain, webgune honetan informazio gehiago aurki daiteke: www.gipuzkoa.eus/baserritarmistoprofesionala.
Era berean, Aldundiak posta elektronikoko helbide bat jarri du herritarren eskura, zuzenean harremanetan jarri ahal izateko gairen bat planteatzeko edo programan parte hartzeko interesa izanez gero: bmp@gipuzkoa.eus.