Ostegunean Tolosako zine forumarekin hasiko da aste honetako zine karteldegia. Leidor aretoan eskainiko da 20:30ean, Kamal Lazraq-en Las Jaurias filma. Casablanca kanpoaldeko trafikatzaile txiki bat da Hassan, eta klan bateko buruarentzat egiten du lan. Klan honetako nagusiaren txakur kuttuna txakur borroka batean hiltzean, erantzuleetako bat bahitzeko agindua jasoko du Hassanek. Agindu hau betetzeko bere semea murgilduko du burututako planean baina zeregin xume gisa hasten dena amesgaizto bihurtuko zaie berehala, aita-semeak gau luze eta etsigarri batean murgilduz.
Larunbatean eta astelehenean 19:00etan Emmanuelle filmaren txanda izango da. Awdrey Diwanen filmak Emmanuellen bilaketa bat kontatzen du, ezkutuko plazer abtena hain zuzen. Lan egiten duen luxuzko hotel kateak Hong Kong-era joateko agintzen dio, bere establezimenduetako baten diru-sarreren jaitsiera aztertzeko, baina iristean primeran funtzionatzen duen hotel bat aurkituko du. Zuzendaria kargutik kentzeko aitzakia bilatu bitartean Lee Jae-Yong ezagutuko du, errutina mistoriotsuak dituen exekutibo erakargarria. Emmanuelle berarekin obsesionatuko da, baina obsesio horrek lanean huts eginaraziko dio.
Tod Phillipsen Joker: Folie a deux film aski ezaguna eskainiko da Leidor aretoan larunbatean 21:30ean eta igandean 19:30ean. Joker filmaren jarraipenak, lehenak utzi gintuen tokian jarraitzen du. Erabateko anabasa sortu ostean, Arthur Fleck, Arkham eroetxean sartu dute, Joker bezala egin dituen krimenengatik epaiketaren zain. Bere identitate bikoitzari aurre egiten dion bitartean, Arthurrek benetako maitasunarekin topo egiteaz gain, bere barnean betidanik egon den zerbait deskubrituko du, musika.
Haurrentzako eskaintza haurrei zuzendua dago, igandean 17:00etan Leidor aretoan izango da, Zak y Wowo. Izaki fantastikoak eta munstroak bizi diren mundu magiko batean Zak-ek, abentura epiko bat biziko du. Bere anai-bikia Kyle-ren bila dabil etsi-etsian, modu misteriotsuan desagertu baita. Zak-ek Wowo du lagun bilaketa lanetan, ile-bola maitagarri, txoro eta ñimiñoa. Honek izaera magikoa du eta Zac-en boterea kontrolatzen lagundu nahi dio.
Villabonako Gurea Antzokiak ere izango du haurrentzako eskaintza asteburuan, Gru 4: Mi villano favorito filma. Hain ezaguna egin den saga honetako film berrian, pertsonai berri bati emango die ongi etorria Gru, Lucy eta neskatoek (Margo, Edith eta Agnes): Gru Juniorri, dirudienez, aitarentzat oinaze bat izateko asmoz iritsi dena. Oraingo honetan, Gruk, bere nemesis berriari Maxime Le Mal eta bere neska-lagun sofistikatu eta maltzurra den Valentinari aurre egin beharko die. Hori dela eta, familiak, ihes egin beharko du.
Bestalde, Soy Nevenka pelikula ikusteko auekra ere izango da Gurea Antzokian, larunbatean 19:30ean eta 22:00etan, igandean 19:30ean eta astelehenean 19:30ean. Gertakari errealetan oinarrituta dagoen film honek Nevenka Fernandezen istorioa kontatzen digu. 2000. urtean oinarritzen da, Nevenkak 24 urte ditu eta Ponferradako Udaleko Ogasun zinegotzia da. Bertan, jazarpen gupidagabea pairatzen du alkatearengandik, politikan eta arlo pertsonalean nahi duena egitera ohituta dagoen gizona. Nevenkak salaketa jartzea erabakitzen du, nahiz eta badakien oso prezio altua ordaindu beharko duela. Inguruak ez du babesten, Ponferradako gizarteak bizkarra ematen dio, eta hedabideek epaiketa publiko baten menpe jarriko dute. Kasu honek, Espainian, #metoo mugimendua hasi zuen, nahiz eta termino hau oraindik sortu gabe egon. Benetako gertaeretan oinarritutako istorio honek protagonista aitzindari bihurtu zuen, lehen aldiz, eragin handiko politikari ezagun bat epaitegietara sexu- eta lan-jazarpenagatik eraman zuelako.