Goizeko 10:00etan hasiko da karrera eta Ordiziatik Tolosaldera joko du pelotoiak, Ikaztegieta, Alegia eta Amezketa pasa ondoren, Abaltzisketako gaina igo beharko dute ziklistek berriz ere Larraitzetik barrena Ordiziara iristeko. Ibilbide honi bost itzuli eman beharko dizkiote, azken bietan Altzo Azpitik Altzorako mendatea gehituz. Denera 165 kilometro osatuko dituzte txirrindulariek.
Hauek animatu asmoz mendateetara joan asmo dutenek kontuan izan beharko dute txirrindulariak 10:28an pasako direla lehenengo aldiz Abaltzisketatik, ondoren 11:12an, 11:57an, 12:46an eta 13:36an ere igoko dute hirugarren mailako mendate hori. Txirrindulariak animatzera Altzora joan nahi duenak, 12:33an eta 13:22an izango du horretarako aukera.
Tolosaldeko bi ordezkari
Irteeran 20 talde izango dira, tartean World Tour mailako sei. Parte hartuko duten txirrindularien artean eskualdeko bi ordezkari izango dira, Caja Rural taldeko Gorka Sorarrain eta Kern Pharmako Unai Iribar. Hauekin batera izen handiko ziklistak gertutik ikusteko aukera ere izango da, proban parte hartuko dute UAEko Igor Arrietak, Astanako Simone Velascok, Cofidiseko Gorka Izagirrek eta Movistarrreko Alex Aranburuk.