1100 biztanle baino gutxiagoko herrien finantzaketa indartzeko Udal Foru Funtsa egokitzea adostu da

Maider Navarro Alustiza 2024ko mar. 26a, 12:48

Udalerri txikienek Udal Finantzaketarako Foru Funtsean jasotzen duten kopurua arautzen duen artikulu bat eguneratuko dute, euren egoera berezituari erantzun eta finantziazio egokiago bat izan dezaten.

Udal Finantzaketarako Foru Funtsean egokitzapen bat egitea adostu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eudelek, 1.100 biztanle baino gutxiagoko herriek azken urteotan egindako eskaerari erantzun eta udalerri horien finantzaketa indartu asmoz. 2025eko Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren banaketan sartuko da indarrean neurri hori.

Landutako neurri honen berri eman dute, Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Izaro Elorza Eudelen Lurralde Batzordeko ordezkariak. Erabaki honen bitartez, 1994ko araudia eguneratu egingo da, Gipuzkoako udalerri txikienen mesedetan. Izan ere, azken 30 urte hauetan, biztanleriaren arabera herri guztiek jasotzen duten kuotaz gain, 1.100 biztanle arteko herrietako udalei kopuru gehigarri finko bat esleitu izan zaie, herri txikiak izateak dakartzan zailtasun eta egoera berezituari aurre egiteko. Banaketa gehigarri hori, baina, berrikusi gabe zegoen 1994tik hona. Beraz, bide ematen zaion aldaketa honek Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren bilakaera islatuko du.

Egokitzapen honen bidez, lurraldeko udalerri txikienetatik azken urteotan egindako eskaerari erantzunez, gainontzeko herriek bezala biztanlegoaren arabera jasotzen duten kuota hortaz gain, urte bakoitzeko UFFFren %1,2 gordeko zaie eta ehuneko hori zati berdinetan banatuko da 1.100 biztanle arteko udalerri horien guztien artean.

Adibide bat

Esate baterako, biztanleriaren araberako kuotaz gain, gaur arte 150 biztanleko udal batek atal honetan jasotzen zuen kopuru finkoa 1994tik hona urtero 84.141,69 €koa izan da, UFFFren bilakaerak goranzko edo beheranzko joera duen kontuan izan gabe. Orain proposatzen den aldaketa honekin, udal honek 244.395,67 euro jasoko lituzke aurten.

1994ko foru arauak kopuru finko bat –momentu hartako %1,2aren arabera kalkulatutakoa– ezartzearen arrazoia izan zen UFFFren balizko jaitsiera batek udalerri txikiak ez kaltetzea. Denboraren poderioz, ordea, Udal Finantzaketa Foru Funtsak gora egiten jarraitu du eta, gaur egun, 1.100 biztanle baino gutxiagoko herriek %0,32 soilik jasotzen dute atal honen bitartez.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean